argia.eus
INPRIMATU
Interneteko edukiei galbahea jartzeari buruzko erabakia irailera atzeratu du Europak
  • Sare sozialetan izandako kritiken ostean, Europar Parlamentuak atzera bota du egile eskubideen inguruko zuzentaraua erreformatzeko egindako proposamena eta irailera atzeratu ditu testuaren inguruko negoziazioak.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 05a
Euroganberako osoko plenarioetako bat aurten (ar.: Europar Parlamentua)

Euroganberan ostegunean izandako bozketan, 318 parlamentari proposamenaren kontra azaldu dira, 31 abstenitu egin dira eta 278k alde bozkatu dute. Hala, irailean jarraituko dute orain arte zenbait sektore sozialen ingurumariatik kritika oso gogorrak izan dituen testuaren inguruko barne eztabaidek.

Proposamenaren bi neurrik harrotu dute batez ere hautsa: sarera igotzen den orok copyrighta errespetatzen duela ziurtatzeko galbahea eta egileentzako konpentsazio kanona. Irailean, parlamentuan berriz eztabaidatuko da proposamena eta testuaren artikuluetan aldaketak onartuko dira, ikusteke dago baina, neurri horiei eragingo ote dien.

Interneteko kultura libreari loturiko atari ezagunak –Wikipedia esaterako– bai eta Google bezalako enpresa pribatu erraldoiak erreformarekin desados agertu dira, baita sare sozialetako ekintzaile ugari ere, besteak beste adierazpen askatasuna mugatuko lukeelako.