Udako Euskal Unibertsitatearen Inguma datu-biltegiak jaso du Interneteko Argia Saria, euskaraz egindako zientzia eta jakintza zaindu eta herritar guztien eskura jartzeagatik, eta eduki akademikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatu eta bultzatzeagatik. Saria jaso dute Ane Sarasua Aranberri UEUko idazkari nagusiak, Marije Bidaguren Ajuria-Auzokoa Inguma datu-basearen batzordeko kideak, Oskia Agirre Orbegozo UEUko Talde Eragileko kideak eta Goiaz Elgezabal Monasteria Inguma datu-baseko teknikariak.
Honengatik saritu du ARGIAk Inguma datu-basea:
"Mende laurdena bete du biltegi honek. 14.000tik gora egileren, 48.000tik gora dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak aurki daitezke klik batean.
Feminismoaz, ekonomiaz, historiaz, biologiaz, matematikaz, euskarari buruz... okurrituko zaizkigun jakintza-esparruetako milaka lanen erreferentziak daude. Kazetariek, irakasleek, hezkuntza-komunitateak, kultur programatzaileek, ikertzaileek, eskura dute biltegi osoa; finean herritar orok erabil dezake datu-basea, doan.
Ez du biltegi huts izan nahi. Euskaraz egindako produkzio zientifiko eta intelektualaren erakusleiho funtzioa ere bete nahi du: euskal komunitate zientifikoak egiten duen lanari ikusgarritasuna eman, baita prestigioa ere.
Behar du bultzada euskarazko produkzio zientifikoak. Datu-basearen arduradunek kezka adierazi dute: 'Euskarazko produkzio zientifikoa gutxitzen doa, euskararen garapen zientifikorako politika baten gabeziaren ondorioz'".
Ingumako kideek espero dute sari honek datu-basea ezagutarazten laguntzea: “Konturatu gara 25 urteko ibilbide honetan Ingumak bultzada handia eman diola euskarazko komunitate zientifikoari, baina, tamalez, komunitate hori sendo egon arren, produkzioaren gainbehera sumatzen da”, dio Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak.