16 urtetik beherakoei sare sozialetan aritzeko debekua behar bezala ez betetzea eta nahikoa neurri ez hartzea leporatu die Australiako Gobernuak plataforma handiei. Ikerketa abiatu du: "Probak biltzen ari gara, Auzitegi Federalera joateko".
Abendutik, 16 urtez azpikoek ezin dituzte sare sozialak erabili Australian. Legea betetzeko enpresa teknologiko handien prestutasuna goraipatu zuen herrialdeko gobernuak, eta urtarrilean, albiste triunfalista eman zuen: adin txikikoen 4,7 milioi kontu ezabatu zituzten sare sozialetatik. Orain, ordea, bestelakoa da gobernuaren tonua: Segurtasun Elektronikorako Australiako erakundea Instagram, Facebook (Meta), YouTube (Google), Snapchat eta TikTok ari da ikertzen, legea betetzeko nahikoa neurri ez direla hartzen ari iritzita. Australian plataformen gain dago jarrita legea betetzeko ardura, ez erabiltzaileen gain. 16 urtez azpikoei sistematikoki sarrera baimentzen dien plataformak zigortzeko asmoa hasieratik azaldu zuen gobernuak, 33,2 milioi dolarreko isunak ordaindu behar izateraino.
Australiako hedabideek eguna joan eguna eta etorri jaso dituzte nerabeen testigantzak, nola gainditzen dituzten debekuak eta nola mantentzen dituzten sare sozialetako kontuak, ez zaielako adina galdetu ere egiten. “Testigantza horiek guztiak, probak biltzen ari da Segurtasun Elektronikorako erakundea, Auzitegi Federalera joan eta irabazteko”, adierazi dute gobernutik.
Australiako hedabideek eguna joan eta eguna eta etorri jaso dituzte nerabeen testigantzak, nola mantentzen dituzten sare sozialetako kontuak, ez zaielako adina galdetu ere egiten
Aipatu erakundearen lehen txostenaren arabera, plataformek hartutako neurriak eskasak dira, legea betetzeko orduan “hutsune inportanteak” atzeman ditu. Adibiderako, 16 urtez azpikoak direla adierazi duten erabiltzaileei aukera eman zaie behin eta berriro bere adina berresteko, 16 urtetik gora dituela adierazi arte, edota zuzenean adina egiaztatzeko neurririk ez da jarri martxan eta nahikoa izan du erabiltzaileak 16 urte baino gehiago dituela esatearekin.
Gobernuak esana du helburua ez dela legea %100 eraginkor izatea, baizik eta kaltea txikitzea eta aldaketa kulturala eragitea. 2026 erdialdean hartuko du administrazioak eman beharreko hurrengo urratsen gaineko erabakia.
Lege aitzindaria
Australiaren bideari jarraituko diotela iragarri du hainbat herrialdek, tartean Frantziako eta Espainiako gobernuek, haur eta gazteak babesteko argudiopean. Gaia landu genuen ARGIAn: “Algoritmoak ez du zertan arriskutsua izan, baina teknologia inoiz ez da neutroa”.