Inor ez ahanzturan, Amner Acuña gogoan


2026ko abuztuaren 11n - 09:55
Amner Acuña
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Amner Acuñak duela zazpi urte utzi zuen atzean Nikaraguako San Juan del Rio Coco herria. Etorkizun hobea nahi zuen beretzat eta bereentzat: bilaketa horretan, besteak beste, Azpeitia eta Elgoibar izan ditu bizileku azken urteetan. Hemen bizi izan da bere senideekin, hemen egin ditu lagun berriak, eta nikaraguar komunitatearen parte izaten jarraitu du hemen ere. Beisbol jokalari profesionala izan zen bere herrialdean, eta bere pasioarekin jarraitu du Euskal Herrian.

Baina batez ere lanera etorri zen Amner, eta ogibide ezberdinetan aritu ondoren, baso-lanetan zebilen azkenaldian. Bere anaiarekin lanean ari zela, abuztuaren 5en hil zen Azkoitian, 44 urterekin. Makina batek huts egin eta zuhaitz bat gainera erori zitzaion, kolpe handi bat hartu zuen buruan, eta kolpearen ondorioz hil zen. Autonomo batentzat lan egiten zuten bi anaiek, eta haren aginduetara ari ziren istripua gertatu zenean.

Aurrez ere ezagutu ditugu antzeko egoerak: pertsona migratzaileen lan-heriotzak eta ondoko isiltasunak. Isiltasun esanguratsuak dira, asko esaten dutelako. Gurean bizitza eta heriotza guztien balioa noraino den berdina galdetzera garamatza Amner Acuña beharginaren oroitzapenak.

Agerikoa da: pertsona migratzaileak dira, kasu askotan, lanik gogorrenetan ari direnak. Zaintza, eraikuntza, garbiketa eta basogintza dira sektore horietako batzuk. Esaterako, basoko lanak istripu kopurua handiak dituzten jarduerak dira: zuhaitzen erorketak ohikoak direlako, lanaldi luzeak izan ohi dituztelako eta erabiltzen dituzten makinek berez dituzten arriskuengatik. Amnerren heriotza, ezinbestean, baldintza eta testuinguru horietan ulertu behar dugu.

Elkar-ekineko kideok bere senideekin bildu gara, eta zuzenean entzun ditugu beraien bizipenak. Bat egin dugu beraien minarekin, eta gure babesa eskaini diegu. Ohar honen bidez, eskualdean bizi den nikaraguar komunitate osoari ere doluminak helarazi nahi dizkiegu.

Pertsonak lanean hiltzea gizarte honetako errealitate gordinetako bat da. Lan heriotzak ez dira zoriaren ondorio. Heriotza horiek gutxi batzuen onura ekonomikoei erantzuten diete, eta neurri eraginkorrak behar dira horrelakoak behin-betiko amaitu daitezen: prebentzio neurri eraginkorrak, langileen prestakuntza, lan-baldintza duinak, atsedenak, makina seguruak, e.a.

Herritarrok mugitu ezean, nekez lortuko dugu gertaera horiekin bukatzea. Antolatu gaitezen lan-istripuekin eta prekarietatea amaitzeko, eta egin dezagun justiziazkoa eta askea izango den gizarte baten alde.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurleen gutunak kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 26
Itxurazkoa

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...