“Inoiz gehiago ez!”: argentinarrak kalera atera dira diktadura garaiko krimenak salatzeko, 50 urte geroago

  • 1976ko estatu kolpearen ondoren Argentinako diktadura militarrak eragindako 30.000 desagertuak non dauden jakitea eskatzeko manifestazio erraldoia egin dute Buenos Airesko Maiatzeko Plazan. Javier Milei presidenteak memoria desitxuratzeko egindako ahaleginak salatu dituzte: “Gaurko gobernua, negazionista izateaz gain, estatu terrorismoa eta genozidioa ere aldarrikatzen ditu”.

Manifestazio erraldoia Buenos Airesen, diktaduraren 50. urteurrenean, bere krimenak salatzeko. RTVE / Agentziak

2026ko martxoaren 25ean - 12:05
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Milaka eta milaka lagun abiatu dira Buenos Aireseko erdiguneko etorbide zabaletan barrena Maiatzeko Plazaraino. Martxoaren 24a da, eta urtero bezala, Maiatzeko Plazako Amek eta beste eragile ugarik deituta, diktadura militarreko krimenak salatzeko protesta egin dute. Baina aurtengoa berezia da, 50 urte bete baitira 1976an estatu kolpe batek Eva Peronen gobernua paretik kendu eta terrorea eta zentsura ezarri zituenetik, 1970eko hamarkadan Argentinan erne ziren langile mugimendu eta ekintza sozial aurrerakoiak erabat zapalduta.

Biktimen elkarteen aldarrikapena ozena da: 30.000 izan ziren modu batera edo bestera, torturen bidez, fusilatuta edo hegazkinetako “heriotzaren hegaldietan” desagertutakoak. Non dauden jakin nahi dute: “Esan diezagutela non dauden”, dio hizki larriz giza eskubideen aldeko eragileek adostutako dokumentuak: “Gizateriaren kontrako krimenak eta derrigortutako desagertzeak preskribitzen ez duten delituak dira, desagertutako bakoitzaren patua zein izan den jakin arte”, diote.

Manifestazioan inoiz baino jende gehiagok parte hartu du, askok lehen aldiz eraman dituzte euren seme-alabak, beharra sentitu dute, Javier Mileiren gobernu ultrak daraman norabidea ikusita. “Inoiz gehiago ez!” pankartak eta leloak etengabe ageri dira, Desagertutako Pertsonen inguruko Nazio Batzordeak (Conadep, espainieraz) 1984an egindako txostenaren izenburua da.

Manifestazioan inoiz baino jende gehiagok parte hartu du, askok lehen aldiz eraman dituzte euren seme-alabak, beharra sentitu dute, Javier Mileiren gobernu ultrak daraman norabidea ikusita.

Negazionismotik estatu terrorismora

Casa Rosadatik martxoaren 24a aukeratu dute oso bestelako bideo bat zabaltzeko, eskuin muturrak eta ultrak azkenaldian bultzatzen ari diren kontakizunarekin bat egiten du: 1970eko gerrillen krimenak eta Estatu terrorismoak gizateriaren aurka egindakoak parekatzen ditu, eta azken gobernu demokratikoei egozten die “mendekuz” erabiltzea giza eskubideen aldarrikapena.

Biktimen elkarteek, aldiz, salatu dute Mileik memoriarako politika publikoentzako bideraturiko finantzazioa moztu duela. Horren aurka ere manifestatu dira, baita gobernuaren asmo ekonomikoen aurka ere –lan erreformaren aurkako azken protestak oraindik oso bizi daudela–: “Diktadura garaiko plan ekonomiko bera aplikatzen ari da!”, diote.

Felipe Pigna historialariak Maiatzeko Plazako Amonek hilero kaleratzen duten aldizkarian azaldu ditu Mileiren diskurtsoaren sakoneko asmoak: “Ultraeskuinaren diskurtsoak, Milei buru, 1910 aurreko herrialdera eraman nahi gaitu, eskubide sozialak, lanerako legeak, emakumeen bozka eskubidea edo bozka unibertsala lortu aurreko garaietara”.

Maiatzeko Plazako Amek hartu dute hitza manifestazioaren amaieran, Elia Espen, Taty Alemida, Estela Carlotto... 95 urte inguru dituzte gehienek, azkenetakoak dira, eta haien esanak pisu izugarria du honetan guztian

“Genero eta aniztasuna politikak deuseztatzea salatzen dugu, emakumeek eta LGTBTINB+ pertsonek lorturiko eskubideei egindako erasoak, eta gorroto diskurtsoak zabaltzea Estatuko goi eremuetatik”, dio eragileen manifestuak. Munduko beste injustizia askorekin elkartasuna ere adierazi dute, bereziki palestinar herriarekiko elkartasuna, eta herrien autodeterminazio eskubidea defendatu dute. Beti, 30.000ko zifra errepikatzen. 30.000 izan zirelako, Mileik 9.000ra ez zirela iritsi esan arren. Haiek gogoan, presentes!

Maiatzeko Plazako Amek hartu dute hitza manifestazioaren amaieran, Elia Espen, Taty Alemida, Estela Carlotto... 95 urte inguru dituzte gehienek, azkenetakoak dira, eta haien esanak pisu izugarria du honetan guztian: “50 urte igaro dira eta jarraitzen dugu memoria, egia eta justiziaren alde borrokan”, esan du Almeidak. Irmotasunaren sinbolo dira.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

2026ko otsailaren 11
1981, Zizurkil
Oso latza izan da

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.