Ane Ortiz Ballesteros, Bilboko Aste Nagusiko txupinera

"Inoiz baino indartsuago gaude jai eremuan internazionalismoa zabaltzeko"

  • Uribarriko Ane Ortiz Ballesteros (Bilbo, 1989) Askapeñako konpartsakidea jardun da aurtengo Aste Nagusian txupinera lanetan txaketa eta txapela gorria jantzita. Jai bereziak izan dira zalantzarik gabe aurtengoak berarentzat. Besteak beste, jarduera eta gune berriak ezagutzeko aukera izan du. Ez du erraz ahaztuko bederatzi egunetan “jendeak emandako maitasuna”. 

Uriola.eus @uriolaeus
2017ko urriaren 17a
Argazkiak: Iņigo Azkona

Hilabete luze pasa da Aste Nagusia amaitu zenetik. Zure ikuspuntua aldatu al da denborarekin?

Ez dut iritziz aldatu. Aurtengo Aste Nagusiaren balorazio oso positiboa izan da, besteak beste, herritarren parte-hartzea oso handia izan delako eta denontzako jarduera piloa izan direlako. Puntu beltza azken egunetako erasoena izan da.

Eraso matxistarik gabeko Aste Nagusia izateko, zer behar da?

Lan handia egin da esparru desberdinetatik emakumeen aurkako eraso matxistak ekiditeko. Eta hala ere, erasoek ez dute etenik. Errealitatea aldatu nahi badugu errora jo behar dugu. Hezkuntzan dago gakoa. Txikitatik berdintasunean oinarritutako hezkuntza zabaltzea ezinbestekoa da. Ez baditugu aldatzen oinarrizko jarrera desegokiak ez dugu lortuko erasoak desagerraraztea.

Txupinera bezala, zertan izan da desberdina aurtengo Aste Nagusia?

Oso berezia izan da. Seguruenik inoiz ahaztuko ez dudana. Aukera izan dut bestalako espazioak ezagutzeko. Izan ere, konpartsakide bezala txosna gunean murgiltzen gara eta ez gara hortik ateratzen. Bestelako jarduerak bizitzea eta Nati Ovelleiro pregoilariarekin batera egotea, berari itsatsita egotea, berezia eta plazera izan da.

Zein gune eta jarduera ezagutu dituzu?

Txikigunean egoteko aukera izan dugu Casilda Iturrizar parkean. Txosna gunetik urrun dago, eta ez dut bertara joateko ohiturarik Aste Nagusian. Harrigarria iruditu zait zelako ekintza aukera zabala dagoen umeentzat. Jubilatuen bazkarian ere egon gara. Horrelako unetxoek egin dute desberdin aurtengoa.

Presiorik sentitu duzu? Urduritasunik?

Ez naiz urduri sentitu. Uneoro disfrutatzen ahalegindu naiz, zegokion unera egokitzen.

Eta ardurarik?

Egunero goizeko 10:00etan Arriaga Antzokian aurpegi onarekin egotea eta antzokiko balkoitik txupina botatzeko prest egotea izan da ardura handiena.

Nekagarria al da txupineraren lana?

Bai, bada. Ez nengoen ziur nekea kudeatzeko gai izango nintzen, 10:00etik iluntzera arte topera aritu baikara, baina ahal izan dudan moduan eutsi diot.

Aste Nagusiko zein une duzu gustukoen?

Zaila da une bakar bat aukeratzea hainbeste une polit eta hunkigarri izan direnean. Aurten ia ekintza guztietan parte hartu dut, eta horregatik zaila iruditzen zait aukeratzea. Ardo dastaketa, ur jolasak, konpartsen arteko herri kirolak eta egon ohi den lehia sanoa, txistularien alardea Plaza Barrian Maixa eta Ixiarrekin batera… gauza piloa izan ditugu. Une bakoitza oso berezia izan da.

Zein une ahaztezin utzi dizu txupinera karguak?

Lehen txupinaren unea, Aste Nagusiari hasiera ematen dion momentua, Arriagako balkoira irtetea, kristorena da. Topera bizi izan nuen. Egia esan, orain, bukaerako unea ere oso gogoan dut. Nati eta biok arraunlariekin traineruan geundela Marijaia zelan erretzen zen ikusten. Aste Nagusiaren azken une hori ere oso hunkigarria da.

Hontzak txosnaren apainketaren zati bat kentzeari zer deritzozu?

Adierazpen askatasunaren aurkako ekintza da. Finean, jai giroa zapuzteko helburuarekin egindakoa. Baina ez zuen aparteko eraginik izan. Konpartsok gure zereginari eutsi genion, jaia egiteari.

Terrorismoa goratzea leporatuta, 20 konpartsaren aurkako salaketaren berria zabaldu da aurtengo Aste Nagusian. Zertan dago?

Hedabideetan zabaldutako informazio manipulatuaren adibidea izan zen gertatua. Informazio okerra zabaldu zuten. Askapeña konpartsaren txosnan ez zegoen euskal presoen argazkirik eta, egon izan balitz ere, salaketak ez zuen funtsik izango.

Zein da Askapeña konpartsaren osasuna?

Lan eta lan jarraitzen dugu. Aitortu behar dugu, aurtengoa urte zaila izan dela Olaia konpartsakidea galdu dugulako bidean, berezia eta oso hunkigarria izan da era berean. Lagun bat joan zaigu, baina txupinera ardura izateak animoak eman dizkigu. Gainera, Askapena erakundeak 30 urteurrena bete du aurten, eta inoiz baino indartsuago gaude eremu guztietan, eta batez ere, jai eremuan internazionalismoa zabaltzeko. Askapen prozesua bizi duten herriei babesa eskaintzea eta Europako Batasunaren aurrean ezarritako politika zalantzagarriak zorrotz salatzea dira gure lehentasunak une honetan.

Txupinera karguak on egin dio konpartsari, orduan?

Bai. Ez genuen espero txupinera izatea, sorpresa handia izan da. Aurten lehen aldiz konpartsa guztiok txupinera ardura izateko aukera bera genuen. Zozketako bonboan denon izenak zeuden. Horregatik aukera gutxi genuen. Behin Askapeñaren izena aterata, modu asanblearioan erabaki genuen ni izango nintzela txupinera. Sekulako ezustekoa izan zen, batez ere ez nuelako espero. Kristoren ardura eta ohorea da txupinera izatea, ez bakarrik Bilboko Konpartsak Federazioa ordezkatzeagatik baita hor atzean dauden milaka pertsonaren lana ordezkatzeagatik ere.

Hurrengo urteko Aste Nagusirako egin duzu planik?

Faltan izango dut jendeak emandako maitasun guztia. Faltan izango ditut baita Jai Batzordeko kideak eta Nati, nola ez. Tarteren bat atera beharko dugu Nati eta biok elkarrekin egoteko. Gustura egongo naiz hurrengo urtean ere. Aurten Askapeñako konpartsakideak faltan izan ditut, baina hurrengo urtean hor egongo naiz eurekin une guztiak gozatzeko prest. 

Elkarrizketa hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Kanal hauetan artxibatua: Bilboko Aste Nagusia  |  Internazionalismoa  |  Bilbo  |  Askapena

Bilboko Aste Nagusia kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude