2000ko hamarkadaren erdi-bukaera aldera 16 urte zituzten hiru pertsonaia ditu protagonista Alberdaniak argitaratu duen eleberriak. Euskal gatazka deritzonaren bueltan militatzen hasi ziren, erakunde armatuan sartu, baina berehala amaituko zitzaien kontua, armagabetzea-eta medio. Gaztetasunaren sasoian “bi uren artean” ibilitako gazteak dira, Bereziartuaren esanetan, eta hala kokatu du nobela: “Historiako momentua hori da, hain justu ere gure belaunaldiarena, euskal gatazkaren bukaera eta gaur egun bizi dugun garai itxuraz berri honen hasiera”. Gaur egundik, atzera begira jarri eta gogoratzen dutenaz, ez dutenaz, eta oroitzeko moduaz gogoetarazten du irakurlea, estilo berezian idatzita.
Jende andana bildu da Donostiako Udal Liburutegian, lehen nobela aurkeztu duen Gorka Bereziartuaren (Hernani, Gipuzkoa, 1984) prentsaurrekoari so. Alberdaniako editore, Garondoan liburuaren zuzentzaile eta aholkulari, eta Bereziartuaren lagun Aritz Galarragak egin ditu presentazio lanak. Lehen gogoeta, aldameneko kidearen estreinako lana izateari buruzkoa izan da. Zeren, kasu honetan “kontua ez da 20 urteko gazte batek argitaratu duela estreinako nobela”, baizik eta egileak 40 urteak igarota dituela. “Baina tranpa pixka bat du”, aitortu du Galarragak, Bereziartua ez baita oraintsu hasi idazten eta argitaratzen. Loreak bota dizkio, estreinako nobela badu ere, ofizioa ongi ezagutzen duelako.
Izan ere, Bereziartua hainbat urtez ARGIAko erredakzioan aritu da buru-belarri, astero eusten dio Boligrafo gorria blogari Ezetz astea ondo bukatu sailarekin, eta idazle gisa ere sartu-irtenak egin ditu urte mordoxka batean. ARGIAk iraganean argitaraturiko zenbait libururen editore lanak egin ditu, Ez gara neutralak (ARGIA, 2019) berak idatzi zuen, ARGIAren Abentura erraldoia komiki-bilduma idatzi du, eta berriki, Alberdaniaren Zer egin Miranderekin? (Alberdania, 2025) lan kolektiboan hartu du parte, besteak beste. Bereziartuak berak aitortu du: “Gauzak probatzeko aukera izan dut ARGIAn, eta oso eskertuta nago; baina liburu honen idazketa beste gauza bat izan da, erregistro aldetik batik bat”.
Duela hamar urte hasi zen ideia soil batzuekin bueltaka, hasi zen testu batzuk idazten, eszedentzia labur bat ere hartu zuen forma gehixeago emateko, baina itzalaldi eta piztualdiak izan ditu sormen aldetik, besteak beste, kazetaritza idatzian “beti dagoelako zerbait urgenteagoa egiteko nobela bat baino”. Hala aitortu du: “Prozesu luze, gorabeheratsu eta intermitente bat izan da, sinestezina egiten zait hemen egotea, eta oso eskertuta nago argitaletxeak konprenitu nauelako”.
Fikziozko hiru pertsonaiaren bueltan ardazten da Garondoan (Alberdania, 2026) eleberria. Milenial belaunaldikoak, beteranoak; 2000ko hamarkada hartan gazte zirenak. Gazte zirela hasi ziren euskal gatazkaren ingurumarian mugitzen, militantzian, 16 urte ingururekin. Baina berehala “amaitu” zitzaien kontua. Ez hain garaiz, atxiloketa, espetxealdi eta abarretatik libratzeko adina. “Gauza horiek dira narratzailearen eskutik ezagutzen joango garenak, pixkanaka”, adierazi du Galarragak. Narratzaile hori da kontakizuna landuko duena.
Istorioaren abiapuntua da liburu arrakastatsu bat idatzi ostean Bartzelonatik Euskal Herrira itzuliko dela istorioko kide bat, nolabait ere bere idazle-ibilbidea zuzendu nahian. Baina topo egingo du memorian lurperatuta zeuzkala uste zuen pertsonekin. Enkontru deserosoak, odol-arrasto lehorrak... Pertsonaietako bi hernaniarrak dira, eta bat donostiarra. Beti agertuko dira “desplazatuta”, Bereziartuaren esanetan: “Beharbada leku horietan ez dutelako aurkitzen eroso egoteko leku bat; bizi duten garaiagatik, gertakari historikoen arrabola gainetik pasatzen ari zaielako...”.
Memoriari dagozkionak
“Iniziazio nobela hautsi gisa” definitu du bere lehen eleberria. Inozentziatik helduarora pasatzean dauden “gauza puruak” gustatzen zaizkiola aitortu du. Era berean, atzera begirako (eta memoriari buruzko) nobela bat ere badenez, gogoetarako hari interesgarriak lotu ditu, ez baita gertakariak berreraikitzeko asmoa duen eleberri soil bat, baizik eta memoria kolektiboaz ere hausnartzen duena: “Zergatik gogoratzen dugu gauza bat eta bestea ez? Zergatik bilatzen diogu esanahi bat gogoratze horri? Zergatik ez ditugu gauza batzuk gogoratu nahi?”.
Adierazi duenez, pertsonaietako bakoitzak baditu bere “angelu itsuak”, gertakari bat era batera gogoratzen dutelako, eta gero, kontakizunean aurrera egin ahala, beharbada beste era batean dutelako akorduan. “Esploratu nahi izan dut zergatik egiten duten hori”. Izan ere, idazlearen aburuz, bada “joera bat”, historia hurbilari begiratzean, “gertakariak kutxa batean sartu eta zigilatzekoa”. Esplorazio horretan, atmosferak sortzeko hautua egin du, “hodei gris” modukoak, errelatoaren azpian geratzen diren kontuez aritzeko.
Orain, liburuak “bere bidea” egin behar duela dio, askatu eta entzun. Eta hasi da entzuten dagoeneko iritziren bat. Kontatu du irakurle beterano batek esan diola “oso zaurgarriak” egin dituela pertsonaiak. Horri dagokionez, adierazi du “pertsonaia sinesgarriak” egin nahi izan dituela, “alderdi hauskorrak ere erakutsita”, eta iparrorratz gisa izan duela pertsonaiak ez epaitzea: “Nobela batean, idazlearen papera ez da onen eta txarren kontakizun manikeo bat egitea, baizik eta eszena horiek jartzea, eta irakurle bakoitzak baloratzea zein diren beraien motibazioak eta afektuak”.