argia.eus
INPRIMATU
IƱigo Urkulluren deklarazioa:
“Ez genuen inolaz ere autodeterminazio eskubideaz hitz egin”
  • Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren artean "elkarrizketarako bide bat" ireki eta "blokeo egoera" gainditzea helburu, bitartekotza egin izana onartu du.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 28a

Lehendakariak esan duenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea prest zegoen hauteskundeetara deitzeko, baina atzera egin zuen azkenean, hauteskundeak deituz gero, 155. artikulua saihesteko bermerik ez zuelako eman Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.

Urkulluk gaineratu du ez zuela Rajoyrekin autodeterminazio eskubideaz hitz egin, eta erreferendumaren gainean ere negoziaziorik ez zela izan.

Bitartekotza

Egindako lanaren errepaso kronologikoa egin du Urkulluk. 2017ko ekainaren 19an "bitarteko" edo mintzaide gisa aritzeko eskatu zion Carles Puigdemontek bilera batean, eta egun berean Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bildu zen Bartzelonako aireportuan, Rajoyrekin hitzordua eskatzeko. Uztailaren 19an bildu zen Espainiako presidentearekin Moncloan.

Irailean –Guardia Zibilak Generalitatearen hainbat egoitza miatu ostean– bi bider hitz egin zuen telefonoz Rajoyrekin, eta "dena eskuetatik joaten ari zitzaiela" esan zion espainiar mandatariari. Urkulluk azaldu du urriaren 4tik aurrera "pertsona askok" eskatu ziotela esku hartzeko: "Urriaren 4tik 27ra [Kataluniaren independentzia aldarrikatu zen egunera arte] era guztietako arduradun politiko, ekonomiko eta sozialekin aritu nintzen".