Ingalaterrako Bankua esklabotzari esker finantzatu zen, ikerketa baten arabera

  • XVIII. eta XIX. mendeko munduko finantza potentzia handienak esklabo trafikoarekin zuen lotura azaleratu du historialariek egindako ikerketa batek. Bankuaren dozenaka zuzendari eta kide zeuden sartuta pertsonen salerosketa horretan, eta finantza sistemak esklabotzan izandako parte hartzea uste zena baino handiagoa dela ondorioztatu dute.

Ingalaterrako Bankuaren egoitza Londresen Wikipedia

2026ko irailaren 16an - 12:22
Azken eguneraketa: 2026-09-30 08:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Black Lives Matter mugimenduak 2020tik hasitako protesta oldearen ondorioz, asko dira euren iragana berrikusi eta esklabotzarekin izan zuten loturarekin lotsagorriturik agertu diren erakundeak Britainia Handian; horietako bat da Ingalaterrako Bankua. Lehendik bagenekien bankuak zuzenean parte hartu zuela pertsonen salerosketan, 599 esklaboren jabe zela ezagutarazi baitzuen ikerketa batek, eta horren ondorioz barkamena eskatu behar izan zuen.

Orain, historialari talde batek beste urrats bat eman du eta bankuko kideek esklabotzarekin zuten harremana ikertu du. Sheffield Unibertsitateko irakasle Michael Bennettek gidatuta, Esklabo Trafikatzaile Britainiarraren Erregistroa osatu dute, eta bertan ikusi dute dozenaka direla esklabotzan aritu ziren Ingalaterrako Bankuko zuzendariak eta harpidedunak.

Ikerketa gidatu duen Michael Bennet historialariaren esanetan, ezin da ulertu mende horietan sortu zen finantza britainiarraren garapena, esklabotzarekin zuen lotura hori gabe

Zehazki, gutxienez 24 zuzendarik inbertitu zuten esklabo trafikoan bankuaren historian zehar, tartean 1694. urtean erakundea fundatu zutenetatik lauk. Gainera, hasierako harpide ugari ere –bankua sortzeko kapitala jarri zutenak– afrikarren Atlantikoaz gaindiko garraio genozida horretan hartu zuten parte, besteak beste Guillermo III.a eta Maria II.a erregeek, Afrikar Errege Konpainian edo Hego Itsasoko Konpainian zituzten akzioen bidez.

Benneten esanetan, ezin da ulertu mende horietan sortu zen finantza britainiarraren garapena, lotura hori gabe: "Esklabo tratulariak eta euren aberastasuna erabat errotuta zeuden Londreseko banku pribatu eta finantza korporazioekin XVII. eta XVIII. mendeetan. Beraiek eman zioten forma finantza garapenari". Londresko Cityaren ernamuina, beraz, esklaboen odolez ureztatu zen.

 

 


Historia kanalean gehiago
2026ko urriaren 14
Patxi Martinez de Marigorta. Memoriaren bide bihurtsua
"Trantsizio garaiko barkamen-ituna izan zena, ahanztura-itun bihurtu da"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.