Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) eskatu du El Salto kooperatibari bost mila euroko isuna jartzea, eta polizia infiltratuei buruz argitaratu zituen ikerketa lanak aldaraztea, ulertezin utzi arte.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) bost mila euroko zigor ekonomikoa eskatu du El Salto hedabiderentzat, baita mugimendu politiko eta sozialetan poliziak infiltratzen zirela agerian utzi zuten hainbat artikulu zentsuratzea ere. Lehen instantzian El Saltoren alegazioak ezetsi ondoren eskatu ditu neurriok. Argudio bera erabilita zigortzen duten laugarren hedabidea da El Salto. Uda honetan, La Directa, Vilaweb eta Diari de Balears komunikabideek antzeko zigorra jaso zuten AEPDren eskutik. Guztira, hogeita hamar mila euro baino gehiago dira isunetan. Kopuru handi samarra da, hedabide bakoitzaren urteko fakturazioa kontuan hartuta.
Publikoki salatu nahi dugu errepresalia dela, disidentzia politikoaren aurkako espioitza polizialaren praktika ilegala agerian uzteagatik. Eta ohartaraztea, gainera, horrelako zigorrek ondorio larriak dakartzatela informaziorako eskubidean eta prentsa-askatasunean, Poliziak egindako praktika opako horiei buruzko ikerketak indargabetzea baitute helburu.
AEPDk ez du zalantzan jartzen informazioak fidagarriak eta zehatzak direnik, baina hedabide guztiak behartu nahi ditu irudi guztiak kentzera (infiltratuen identifikazioa zailtzeko moldatuak izan ziren arren), baita funtzionarioen benetako izenen hasierako inizialak eta ikertutako agenteek erabilitako fikziozko identitateak ere. Horrez gain, behartzen gaitu infiltratzeko erabili zituzten koartadei buruzko aipamenak kentzera (datu irrealak eta inolako babesik gabekoak) eta Avilako Akademiatik lizentziatu zireneko promozioaren berri ematea, baita haien iraganari, prestakuntzari, iritziei edo senideei buruzko edozein erreferentzia jartzea ere. "Horrek esan nahi du testuak moztu behar direla trazabilitatea eragozteko, alegia agente horiek legez kontrako espioitza egin zutela frogatzen duen edozein elementu objektibo egiaztagarri kentzea", azaldu du El Saltoko abokatu Raúl Maíllok.
Maíllok azaldu duenez, "instantzia guztietara joko dugu informazio-eskubidea eta -askatasuna defendatzeko, baita gizarte osoak informazio egiazkoa eta kontrastagarria jasotzeko duen eskubidea babesteko ere". El Salton uste dugu datuak argitaratu ditugun moduak (argazki pixelatuak eta inizialak bakarrik erabiltzea, kasu) intimitatearekiko errespetua eta trazabilitatea, sinesgarritasuna eta kontrastatzeko gaitasuna behar bezala zaintzen dituela.
Infiltrazio kasuek zigorgabetasun judiziala jaso dute eta aldiz, hori agerian utzi zuten komunikabideek zigorra. Areago, AEPDk beste kasu batzuetan bestela jokatu izan du. Adibidez, ez zuen inolako ikerketarik zabaldu komunikabide bati filtratu zizkiotenean zenbait epaileren polizia-artxiboetako argazkiak –komunikabide horrek independentismoarekin lotu zituen pertsonenak–, botere judizialeko kideak presionatzeko ahalegin argian.
Espiatutako pertsonek, hainbat auzitegi eta erakunderen ustez Poliziaren torturaren biktimak direnak, ez dute lortu Espainiako ezein auzitegik haiei egindakoa epaitzea. Fiskaltza, kasu guztietan, agenteen alde jarri da, kausa guztiak blokeatu ditu, eta Epaitegi Konstituzionalaren bidea bakarrik geratzen da, oraindik ebatzi gabe baitago, baita Europako Eskubideen Auzitegira jotzea ere. Legezko ondorio bakarra El Salto, La Directa, Vilaweb eta Diari de Balears hedabideen aurkako zigorra izan da, baita ebazteke dagoen Jorge Jiménez aktibista eta infiltrazioen biktimaren kontrako epaiketa ere. Dokumentuak faltsutzea eta sekretuak ezagutaraztea egotzi dizkiote, bera zelatatu zuten poliziak ikertzeagatik.
Kazetaritza-ikerketa horiek ondorio politikoak izan dituzte: Kataluniako Parlamentuan infiltrazioen tamaina argitu nahi duen ikerketa batzordea dago, eta hainbat ekimen Espainiako Diputatuen Kongresura iritsi dira, gobernuari egoera horiei buruzko galderak egiteko.
Barne Ministerioak ez du argi aitortu publikatu diren kasuetako bat bera ere, baina, oihartzun politiko eta sozialari esker, infiltrazioak "inteligentzia-agentearen" figuraren babespean geratu dira, ustez. Infiltraturiko poliziak aldiz gainbegiratze judiziala behar du, eta, beraz, figura berri horren eskutik kontrola saihestu nahi dute, nahiz eta oinarrizko eskubideak kaltetu, hala nola sexu-askatasuna, bizitokiaren bortxaezintasuna, datuen babesa, askatasun politikoa eta iritzi-askatasuna, eta beste. Hala adierazi zuen orduko Estatuko Segurtasun idazkari Rafael Pérez Ruizek 2024ko ekainaren 19an egindako barne-batzordean, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuaren galderei erantzunda.