Gerrarako arma berriak probatu dituzte Bardean Indrak eta Espainiako Armadak

  • Egun hauetan Bardeako tiro eremuan misilen kontrako sistemak erabili dituzte gerra-hegazkinek, armagintzako multinazional espainiarrak jakinarazi duenez. Asteartean bete dira 75 urte erregimen frankistak azpiegitura militar hori ireki zuela, eta Nafarroako Parlamentura eta Espainiako Kongresura poligonoa ixteko eskaera eramango dute hainbat talde politikok. Igandean, tiro eremuaren kontrako urteroko martxa egin zen beste behin.

Bardean Indra armagintza enpresak eta Espainiako Aire Armadak elkarrekin egindako proben ondorengo argazkia. Indra

2026ko ekainaren 9an - 12:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Airbus A400M gerra hegazkinentzako misilen kontrako “azken belaunaldiko” sistemak probatzen, halaxe ospatu du Espainiako Aire Armadak Bardeako tiro eremua martxan jarri zeneko urteurren borobila. Astearte honetan bete dira 75 urte 1951n erregimen frankistak azpiegitura militar hori martxan jarri zuela, Jose Daniel Lacalle Valtierrako jeneral kolpistaren ekimenez. Baina praktika militarrak bertan behera uzteko eragile eta herritar askoren eskaerari entzungor eginez, Espainiako Defentsa Ministerioak jarraitzen du Euskal Herriko natur parke zabalenaren bihotzean gerrarako trebatzen.

Oraingoan, Aire Armadako gerra elektronikoaren kontrako hegazkin eskoadroiak aritu dira, besteak beste, Bardeako zeru gainean

Indra armagintzako multinazionalak –bere akziodun nagusietakoa SAPA euskal enpresa da– LinkedIn-eko kontuan jakinarazi duenez, InShield sistema probatu du Bardea gaineko hegaldietan, eta horretarako Aire Armadako gerra elektronikoaren kontrako hegazkin eskoadroiak aritu dira, besteak beste. Misilen kontrako sistema hori lehendik ere NATOren maniobretan probatu izan dute, azaldu dutenez.

Bardeako tiro eremuak 2.222 hektarea hartzen ditu ofizialki, baina hegazkinek eremu askoz zabalagoan egiten dituzte maniobrak. Gaur egun, urtean 2.000 bonbardaketa jasaten ditu eta gisa horretako Europako tiro eremu zabalenetakoa da. Hain justu, 2028an iraungiko da lurraldea erabiltzeko Bardeako Komunitatearekin sinaturiko hitzarmena.

Misilen kontrako laser sistema "aurreratuak" probatu dituzte gerrarako hegazkinetan, NATOko indarrek ere erabiliak. Indra

Lege ekimenak Madrilen eta Iruñean

Tiro eremuaren 75. urteurrenaren kari, EH Bilduk, EAJk, Sumarrek eta Podemosek Ez legezko Proposamena aurkeztu dute Espainiako Kongresuan, asteazken honetan eztabaidatzeko. Bertan, Espainiako Gobernuari eskatuko diote Bardeako jarduera militarra bertan behera uzteko eta 2028an errendamendu kontratua ez berritzeko.

"Hemen egiten diren praktika militarrak, beste toki batzuetan benetako ekintza bihurtzen dira, eta milaka heriotza eragiten dituzte"

Laura Aznal (EH Bildu)

Gainera, Defentsarako Lehentasunezko Interes Gune izateari utz diezaiola ere eskatuko dute. 2000. urtean Jose María Aznarren PPren gobernuak dekretu bidez izendatu zituen Bardeak horrela, tiro eremuaren erabilera blindatzeko.

Hain justu, ostegunean, eztabaida hori Nafarroako Parlamentura eramango dute. EH Bilduk mozioa aurkeztu du, foru parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu diezaion izendapena bertan behera uzteko: “Mundu mailako eskalada belikoaren aurrean, Bardeako poligonoa gerrak entseatzeko lurralde bat da. Hemen egiten diren praktika militarrak beste toki batzuetan benetako ekintza bihurtzen dira, eta milaka heriotza eragiten dituzte”, esan du Laura Aznal EH Bilduko parlamentuko bozeramaileak.

“Poligono honek lotsa ematen digu”

Igandean Bardeako tiro eremuaren aurkako XXXVI. Martxa egin zuten, Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak deituta eta dozenaka eragile, talde politiko eta sindikatuk babesturik. Berrehun lagunetik gora elkartu ziren El Aguilarreko gunetik poligonoaren atariraino joateko, eta amaieran, asanbladaren izenean testu bat irakurri zuten Milagros Rubiok eta Eduardo Navascuesek.

Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa, urtero bezala natur parkean barrena. Ejea y Pueblos-eko Gerrarik Ez plataforma

“Inongo armadak ez du bakerik bermatzen”, aldarrikatu zuten. NATOren “logika militarista” salatu eta 2028an Bardeako Komunitateak Defentsa Ministerioarekin hitzarmenik ez berritzea beharrezkoa dela ere azpimarratu zuten: “Gerrak hemen ari dira entseatzen: poligono honek lotsa ematen digu, arriskuan jartzen ditu herritarrak, eta lurraldea bera ere helburu militar potentzial bihurtzen du”, azaldu zuten.

[Hilabete honetako Larrun monografikoan luze eta zabal jorratu dugu Bardeako Tiro Eremuaren inguruko gatazka, hemen duzue osorik irakurgai: Lurraren garrasia, gerraren aurka]


Antimilitarismoa kanalean gehiago
2026ko apirilaren 29
Koipea

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...