Zakuan zer doan jakiteko, aski da eskukada bat. Iranen aurkako erasoaren laugarren egunean, martxoaren 4ko egunsentian, Charlotte urpeko ontzi nuklear estatubatuarrak jaurtitako bi torpedok hondoratu zuten, hiruzpalau minuturen buruan, Dena fragata irandarra. Haren eskifaiako 32 lagun bizirik erreskatatu zituzten, 87 hilotz, eta beste 61 desagertuta daude. Estatu Batuek –eta haien koruko sikofantek– guda-garaipen gogoangarritzat haizatu zuten jazoera lehen orduetan. Inguruabarrak ezagutu ziren arte. Harez geroztik, nahiago izan dute ahanztura, antza denez.
Indian norbaitek esan duen bezala, “deseroso samarrak” direlako inguruabarrak. Edo “traiziozko xamarrak”, beste batek zioen moduan. Zergatik ez ote diote gerra-krimena deitzen? Iran eta haren erasotzaileen arteko guda-lekua litzatekeenetik 2.800 kilometrotara, Sri Lankako Galle-tik 20 milia eskasera, hondoratu zuelako urpeko ontziak fragata. Hainbat herrialdetako gerra-ontziekin Indiak eratutako itsas-maniobra batzuetatik zetorrenean, inolako arriskurik sortu gabe eta oharpenik jaso gabe... inork deklaratu gabeko “gerra” baten kontura.
Israelekiko aspaldiko estimuarengatik edo irandar fragataren aurkako eraso doilorra arbuiatzeko hitz-otzantasun horrek badu, ordea, muga estua. Itxura guztien arabera, pakistandar desinformazio-lantegiek gaia koska bat estutu eta Indiak AEBri erasoa burutzen lagundu ziola aditzera ematen duen fakea plazaratu orduko, irmo erantzun du Indiak, gatazkarekiko ekidistantzia azaldu eta konponbide politikoen aldeko jarrera berretsiz. Bere aldetik, Pakistanek ere egiten duen bezalatsu.
Jiteez harago, oso buruhauste latza delako Indiarentzat Netanyahuk eta Trumpek abiarazitako erasoa. Kaltetutako herrialdeen rankinga egingo balitz, Golkoko eskualdean zuzeneko jipoia nozitzen ari direnen ondotik, India izango litzateke lehena, Asiako beste herrialde batzuen aurretik. Baita NDFaren erreskate baten atarian dagoen auzo-etsai Pakistanen aurretik ere. Edo antzera dagoen Bangladeshen aurretik. Tamainagatik.
Erregaien horniduragatik estraina; batik bat, Errusiarik jasotzen ari zenari uko egin (behar) izanaren biharamunean harrapatu duelako krisi honek. Baina petrolioa ez da guztia, ezta gutxiagorik ere. Tenore berekoa da gas naturala. Baina gatazkak Golkoko amoniako eta urea esportazioak ere etenarazi egin ditu; eta oso albiste larria da hori Indiako ongarri-industriarentzat eta, bidenabar, herrialde hartako nekazaritzarentzat. Eta Qatarren helio esportazioak ere bertan behera geldiarazi ditu, lehengai horren prezioa biziro garestituz, Indiako erdieroaleen industria kinka larrian jarriz.
Bada, hala ere, drama gordin eta berehalakoago bat: ia 10 milioi langile indiar ari dira/ziren beharrean Persiar Golkoko herrialdeetan. Noiz edo noiz adituak ditugun baldintzetan. Are okerrago daude oraintxe bertan.