Indiako langileek adimen artifizialeko robotak entrenatzen dituzte, etorkizunean haiek ordezkatzeko

  • RTL Today hedabideak erreportajea argitaratu du Indiako adimen artifizialaren industriaren gibelean dagoen lan ikusezina ezagutarazteko. Enpresa teknologikoek milaka pertsonari dirua ematen diete euren burua etxeko lanak egiten grabatzearen truke. Bideo horiek, ondoren, adimen artifizialeko robotak entrenatzeko erabiltzen dituzte, gizakiek burutzen dituzten ekintzak egiten ikas dezaten.

Indiako etxekoandre bat, smartphone bat buruan, mangoa zuritu bitartean bere mugimenduak grabatzen.gimendua harrapatuz bere ekintzak grabatzen dituen bitartean AFP

2026ko abuztuaren 19an - 11:06
Azken eguneraketa: 2026-08-31 15:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mango bat moztea ez da batere zaila. Jendeak arreta handirik paratu gabe egiten du, urrats bakoitza, automatikoki bata bertzearen gibeletik eginda: eskua luzatu, objektua hartu, biratu, moztu eta utzi. Inork ez du pentsatzen gorputzak zenbat mugimendu egin behar dituen; bai, ordea Indiako Nagireddy Sriramyachandrak, mangoa mozteko egin beharreko mugimenduak egunero grabatzen baititu smartphone baten bidez. 25 urteko neskak aspaldi ikasi zuen fruta hori mozten; enpresa batek bideo orduko bi dolar inguru ordaintzen dizkiolako grabatzen du ekintza sinple hori Chennaiko (India) bere sukaldetik. 

Sriramyachandra ez da bakarra, Indiako milaka pertsonek hilero soldata bat jasotzen dute lan bera edo antzekoa egiteagatik; arropa tolestea, kafea prestatzea edo ogitartekoa egitea, bertzeak bertze. Adimen artifizialeko robotak entrenatzen ari dira, etorkizunean haiek ere kapazak izan daitezen etxeko lan horiek egiteko edo, bertzela erranda, langile horiei lanpostua kentzeko. RTL Today hedabideak erreportaje bat argitaratu du Indiako Adimen artifizialaren industriaren gibelean dagoen lan ikusezina ezagutarazteko.

Dagoeneko, Adimen artifizial anitz gai dira datu kopuru izugarriak prozesatu eta txatbotak eta irudiak sortzeko. Hala ere, ingurune errealetan moldatuko diren sistema adimendunak eraikitzea konplexuagoa da nabarmen. Hortaz, garatzaileek uste dute lehen pertsonan grabatutako datuak erabiliz elikatzeak robotei lagunduko diela gizakiak imitatzen.  

Objectways enpresako langile bat adimen artifizialeko robot bat entrenatzen, fikziozko komun batean. AFP 

Entrenatzaileek bideo betaurrekoak, buruko kamerak eta mugimendu sentsoreak erabiltzen dituzte, eta euren etxetik, lantegietatik edo estudio espezializatuetatik egiten dute lan. Ondoren, aplikazio baten bidez bidaltzen dizkiete grabazioak enpresei. Enpresa horiek datu guztiak biltzen dituzte, eta bertze enpresa batzuei saltzen dizkiete ondoren. 

Sriramyachandrak, erraterako IA Objectways enpresarentzako egiten du lan. Indian eta AEBetan ditu bulegoak, eta bezeroen artean Fortune 500 zerrendako multinazionalak ditu, RTL Today hedabidearen arabera.

Gorantz doan sektorea

Erreportajearen arabera, giza roboten merkatua gorantz ari da, eta Morgan Stanley inbertsio bankuak aurreikusten du 2050erako mila milioi baino gehiago erabiliko direla, batez ere industria eta merkataritza helburuetarako.

Objectways enpresako zuzendari exekutibo Ravi shankarrek gailu adimendu horien beharra azpimarratu dio RTL Today hedabideko kazetariari: “Lan batzuk automatizatu behar dira gizakiek zeregin garrantzitsuagoetan zentratu ahal izateko”. 50 urte ditu, eta AEBetan bizi da, baina Indiako Tamil Nadu nazioarteko zentro teknologikoko langileak kontratatzen ditu, bertan hazi baitzen.  

Objectways enpresako langile bat kamera bat buruan duela. AFP 

 

Herrialde hori, hain zuzen, adimen artifizialarentzat datuak sortzeko eta prozesatzeko bitartekari globala bihurtu da, eta gero eta eskari handiagoa dago munduko herrialderik jendetsuenean. "Litekeena da datuak biltzeko zerbitzu horiek handitzea", erran du Bengaluruko Giza Kokalekuen Indiako Institutuko lan digitaleko aditu Aditi Suriek. 

Automatizazioaren alde iluna

Gorakada horrek, nola ez, azken urtetan lanpostu ugari sortu ditu Indian, baina dena ez da hain polita. Izan ere, adituek ohartarazi dute automatizazioak arriskuak dakartzala.

Gobernuko NITI Aayog ikasketa zentroak baieztatu duenez, adimen artifizialari eta lanari buruzko eztabaida gehienak “lepo zuriko profesionalei buruzkoak” dira; hau da, bulegoko lanak, administraziokoak, kudeaketakoak edo intelektualak egiten dituzten langile kualifikatuak. Ikasketa zentro horrek, sektore horretan “enplegu galera ia seguruak” iragartzen ditu, “premiazko neurriak” hartu ezean, RTL Todayk jaso duenez.

55 urteko Ponni azken hamarkada honetan errepide baten ertzean eseri da Bengalurun, Indiako Silicon Valley izenez ezagutzen den hirian, lore girlandak egiten. Berari ere ordaindu izan diote telefono bat kopetara lotuta eramateagatik, baina RTL Todayko kazetariari adierazi dio beldur dela horrek etorkizunean zer ondorio ekarriko dituen: “Hurrengo belaunaldiak, beharbada nirearen antzeko lana egin beharko duenak, arazo bati egin beharko dio aurre”.

Objectways enpresako langileak adimen artifizialeko robotak entrenatzen, toallak tolesten ikas dezaten. AFP 

AFP agentzia notizia ezaguna Karur-eko (India) ehun-fabrika batean sartu da. Bertan hainbat langile begiztatu ditu, kamerak buruan eta Objectways-ek emandako betaurreko adimendunak jarrita dituztela, txanoetan etiketak jartzen, toallak tolesten, eta oihalezko poltsak lisatzen.

Altzariz hornitutako fikziozko apartamentuetako geletan egiten dituzte etxeko lan horiek. Milaka orduz grabatzen egon ondoren, RTL Today hedabidearen arabera, hormako papera aldatzen dute, bezeroei barietatea eskaintzeko. “Gaur hemen nago eserita, bihar han egongo naiz”, komentatu dio ingeniaritzan graduatu berri den 21 urteko Rani N.-k kazetariari, toalla bat tolestuz grabatzen ari den bitartean.

Bideo bakoitzak gutxi gorabehera lau minutu irauten du, eta 90 bideo inguru grabatzen ditu egunean, gelako edozein txokotan. Lana "onargarria" dela dio gazteak, baina beti “kamera bat begira” duela sentitzen du.

Objectways enpresako langile bat altzairuz hornitutako gela faltsu batean adimen artifizialeko robot bat entrenatzen, ura zerbitzatzen ikas dezan. AFP

Alboko geletan, bere kideek zorrozkailuak, ur botilak eta margoak bere lekuan paratzen dituzte behin berriz. Patroi hori sakontasun sentsorea duten kamerekin grabatzen dute. 

Humyn Labs-eko Manish Agarwalek, Bengalurun egoitza duenak eta Objectways-ekin harremanik ez duenak, elkarrizketak zein bideoak ere grabatzen ditu. Kolaboratzaileek esleitutako gaiak eztabaidatzen dituzte, politikatik hasi eta entretenimenduraino, hizketa ereduak prozesatu nahi dituzten bezeroentzat.


Nazioartea kanalean gehiago
2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...