Protagonista izan dira, sinbolikoki bederen, labezomorroak Indiako politikagintzan azken bizpahiru hilabete hauetan. Narendra Modik oraintsu hauteskundeetan lortutako garaipenen ondorengo krisi serioena erakartzeraino izan ere. Azalean, seriotasuna ez litzatekeen arren mugimenduaren bereizgarri nagusia.
Baina ingelesez Cockroach Janta Party (Jende Labezomorroaren Alderdia; ez da, haatik, ahaztu behar haren siglak –CJP– hizki bakarraren aldea duela Indian agintean den BJP-Bharatiya Janata Party ia hegemonikoarekin) deitu batek, sare sozialen eta kale-mobilizazioen bitartez, estutasun larrian jarri du halako endredoak batere gustukoak ez dituen gobernua. Eta, dagoeneko, Dharmendra Pradhan, Hezkuntza ministroaren buru politikoa entregatu behar izan du Modik giroa baretzeko.
Izatez, elkarren artean zerikusi handirik ez zuten azkenaldiko bi gorabehera soziopolitikoren “hibridaziotik” sortu dira labezomorro horiek. Mespretxuzko kalifikazioa Surya Kant epaile gorenari (ibilbide profesional eztabaidagarrikoa bera) zor zitzaion, ebazpen bat arrazoitzeko –gerora eztitu nahi izan bazuen ere– arras indiskriminatuki alferkeria eta parasitismoa egotzi baitzien profesional txiroei. Labezomorroak aipatuta, beren-beregi.
Benetako lehergaia, ordea, maiatzean 2026 NEET medikuntza eta odontologiako lanbideetarako estatu mailako azterketa erraldoian (bi milioi baino gehiago ziren izangaiak) kausitu ziren filtrazioen eskandaluak ekarriko zuen. Haren karira sortu zen, ezerezetik, sare sozialetan, CJP. Eta ondorengo asteetan kale-mobilizazio bihurtu zen ezinegona, plataforma ideologiko xume baten inguruan.
Esan gabe doa jende gaztea izan dela, ia ehuneko ehunean, mugitu dena. Batik bat, zuzenean pairatzen dituztelako ikasketak burutu ondoren lanbiderako aukerak iruzurtzen dituen sistemaren bidegabekeriak (hezkuntza-sistematik bertatik datozenak, bestalde). Eta esan gabe doa, baita ere, polizia-indarrek ohiko bortizkeriarekin erantzun dietela mobilizazioei, halakoetan hamaika aldiz ikusi ahal izan den espirala abian jarrita. Eta oposizioko alderdi politiko klasikoak, babesa adierazi badiete ere mobilizazioei, oso bigarren planoan geratu direla.
Ez dugu, ordea, orain deskubrituko hemen N. Modiren sen eta zuhurtzia politikoa. Eta barrenak hala eskatzen ziolako (litekeena, baina...) edo hurkoaren buruan zentzatuta dagoelako (litekeenagoa, ikasbiderik bikainenak dituelako bertatik bertara: Bangladeshen eta Nepalen), gatazka-dinamika amatatu eta CJPri garaipen sinbolikoa oparitzea nahiago izango du. Oraingoz.
Bestelako kontua da labezomorroen mugimendu horrek adierazten duen ezkutuko egitate ilun eta itsusiei benetan aurre egiteko asmo eraldatzailerik eduki ote dezaken Modik. Harrituko nintzateke. Hizki bakarraren aldea izango dute, baina antipodetan leudeke BJP eta CJP.