Pisuko zerbitzarien lana esternalizatzeagatik jo zuten grebara langileek azaroan, eta orduz geroztik, kaleratzeak eta praktika antisindikalak salatu ditu greba batzordeak, ELArekin batera. Langileek greba mugagabean jarraituko dutela adierazi dute “zerbitzua internalizatu eta konponbideak aurkitu” ezean.
Azaroaren 5ean abiatu zuten greba mugagabea Indautxu Hoteleko zerbitzariak, hasiera batean, beraien zerbitzua esternalizatu zutelako. Hotela Hotusa ostalaritza taldeak –Espainiako Estatuko hotelen jabe handienak– kudeatzen zuen Eurostars markaren aterkipean. ELAk azaldu duenez, enpresak “aldebakartasunez” erabaki zuen Bilboko hoteleko pisuko zerbitzarien lana Citius Solutions SL enpresara esternalizatzea. Orduz geroztik, Hotusa langileak ahultzen saiatu da, “kaleratzeen, mehatxuen eta greba legez kanpo uzteko maniobren bidez”. Gainera, greba hasi zutenetik soldata eta aparteko ordainsarietan atzerapenak salatu dituzte langileek.
Halaber, langileek, “antisindikaltzat” jo dituzte hainbat enpresa-jarduera, besteak beste, greban dauden langileen funtzioak beste arlo batzuetako langileekin betetzea eta Poliziaren presentzia pikete informatiboak egiten ari ziren bitartean. Hori nahikoa ez, eta enpresak bederatzi kaleratze iragarri zituen urtarrilean Bilboko egoitzan, eta beste bost Donostian erosi duen beste establezimendu batean, greba batzordeak zabaldutako informazioaren arabera. Iragan asteazkenean elkarretaratzea egin zuten Amaran (Donostia) enpresaren jokabidea salatzeko.
Egoera horren aurrean, plantillak enpresari eskatu dio "langile guztiak lantokira itzultzea, Hotusa Taldeak greban izandako jarrera antisindikala bertan behera uztea eta sindikatuekin benetako elkarrizketa abiatzea, konponbideak bilatzeko". Hori horrela ez den bitartean, Indautxu Hoteleko langileek greba mugagabearekin jarraituko dutela iragarri du greba batzordeak, ELArekin batera. Sindikatuak gogoratu du plantilla bere osotasunean emakumeek osatzen dutela, eta pisuetako zerbitzariak sektore “feminizatu eta prekarizatua” direla.