Azken asteotan ikusteko eta, batez ere, grabatzeko jasanezinak izan beharko luketen irudiak ikusi ditugu. Era guztietako aurkezleak joan dira Ceutara grabatzera. Gazteak jazartzera. Fokua kanpin-dendarik txikituenera, kokalekurik handienera bideratzera. Eta ez pertsona migratzaileek eta asilo-eskatzaileek –haurrek barne– bizi duten egoera deshumanizatzailea salatzeko, baizik eta urteetan eraikitzen ari diren “inbasioaren” eta segurtasun ezaren errelatoa hobekien hauspotzen duen irudia aurkitzeko.
Eta horrela jarduten dute etengabe, harik eta pertsonak ikusteari utzi eta errelato horrekin nahi dutena lortu arte: mehatxu gisa ikustea.
Bitartean, ikusi ditugu dendak erreta, laguntza humanitarioa iristea eragotzi nahian dabiltzan pertsonak, eta jazarpena eta erasoak jasandako migratzaileak. Norbaiti jatea eragotzi aurretik, lortu behar duzu gizartearen zati batek hura ikustea jatea merezi ez duen norbait bezala.
Ezagunak egiten zaizkigu irudiak. Hilabetetan ikusi ditugu sionistak Gazarako laguntza humanitarioaren sarrera blokeatzen, genozidioa gertatzen zen bitartean. Palestina eta Ceuta ez dira baliokideak, noski, baina bada lotzen dituen zerbait: gorputz jakin batzuen deshumanizazioarekiko inpunitatea.
Eta deshumanizazio hori ez da egun batetik bestera gertatzen. Eraiki egiten da. OBERAXEk uztailean argitaratutako datuen arabera, sare sozialetan atzemandako gorroto diskurtsoen %93 Afrika iparraldeko pertsonen, immigranteen, afrikarren eta musulmanen aurkakoa zen. Hau da, moroen edo horrela irakurriak direnen aurkakoa.
Eta orain emaitzaren aurrean gaude.
Arrazakeria ez da indarkeriaren bidez edo “etorkinak gorroto ditut”, “joan zaitezte zuen herrialdera” leloen bidez soilik adierazten. Honakoetan ere badago: “Ni ez naiz arrazista, baina zifrez hitz egin behar dugu”; “ez dut ezer haien aurka, baina delinkuentzia arazoa dago”. Migrazioaren, delinkuentziaren eta ordenaren arteko loturan arrazakeria dago, baita moderatuagoak eman lezaketen baina migratzaileak arazo gisa deskribatzen jarraitzen duten diskurtsoetan eta diskurtso paternalistetan ere.
Bereziki maltzurra da berriro aurkeztea moroa inbaditzaile gisa, bere burua defendatu behar duen Espainiaren mehatxu gisa. Hitzek historia dute. Musulmanak Iberiar penintsulatik kanporatu aurretik, behartutako konbertsioak egon ziren, praktika erlijioso eta kulturalen jazarpena, bijilantzia eta desjabetzeak. Orain “inbasioaz”, “kanporaketaz”, “Espainia defendatzeaz” edo “moroaz” hitz egitea testuinguru horretan ulertu behar da.
Jarraitzen dute pertsona jakin batzuk aurkezten Espainiarekin zerikusirik ez balute bezala, nahiz eta Espainiaren historia ezin den haiek gabe ulertu.
Eta utz iezadazue beste konparazio batekin amaitzen. Hamar hilabetetan Espainiak Ukrainako pertsonei 160.000 aldi baterako babes baino gehiago eman zizkien.
Bat-batean posible zen. Aldi baterako babesa, bizileku eta lan baimenak eman ahal izan ziren, harrera zentroak, interpreteak eta baliabideak eskuragarri jarri ahal izan ziren. Harreraz hitz egin ahal izan zen. Eta horixe zen egin behar zena.
Jakin nahi nuke zergatik primeran ulertzen dugun zer esan nahi duen pertsona desplazatu baten duintasuna babesteak ukrainarra denean, eta zergatik, gorputzak marroiak eta beltzak direnean, haien iritsiera espektakulu bihurtu behar dugun.
Izan ere, Espainiak erakutsi digu badakiela harrera egiten.
Galdera da nori begiratzeko prest gauden, gure pasaporte gorria poltsikoan eta mugitzeko askatasun osoa izanda, migratu dezakeen norbait bezala; eta nor erabaki dugun mehatxutzat hartzea, eta haiei pasabidea mugatzea, euren arrazoiak zalantzan jartzea, baita migratzeko duten eskubidea bera ere kuestionatzea.
*Safia El Aaddam arrazakeriaren aurkako ekintzaile amazigh-a da