Indarkeria Nikaraguako politikaren ikur

  • 2018ko apirilaren 18a eta estatuak eragindako indarkerien aurkako askotariko erresistentziak.

    Artikulu hau Mugarik Gabek bultzatutako prozesu batean sartzen da, generoan oinarritutako indarkeria politikoaren inguruan.


2026ko maiatzaren 12an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Artikulu honi hasiera emateko, gogora ekarri nahi dut ia bi hamarkadatan Daniel Ortegak eta haren emazte Rosario Murillok –duela gutxi haien burua Nikaraguako presente izendatu dutenek– gidatutako erregimena orain nazioarteko komunitatearen aurrean aurkeztu dela genero-berdintasunaren arloko lider gisa. Baieztapen hori argudiatzeko, nabarmentzen dute parekotasuna lortu dela estatuko botere guztien “herri-hautaketako” karguetan, haien erabateko kontrolpean daudenak.

Erretorika horrekin, bere burua “sozialista, kristau eta solidariotzat” jotzen duen gobernu hori emakumeen aliatua dela esango genuke, espazio publikoan parte hartzeko duten eskubide legitimoa aitortzea eta egikaritzeagatik, baina gertaerek agerian uzten dute diskurtsoaren eta errealitatearen arteko haustura izugarria, eta gainera, hori da bere praktika politiko osoan dagoen ezaugarri bat.

Errepublikaren presidentetzan lehiatu den Fronte Sandinistako buruzagi bakarra izan da Daniel Ortega, 1984tik (hiru porrot jarraian) 2007ra arte, urte horretan gobernura itzultzea lortu baitzuen, ustelkeria historia zabala zuten eskuineko buruzagi batzuekin negoziatu ondoren. Adierazgarria da, gutxienez, genero-parekotasuna bultzatu behar duen alderdi batek emakume bakar bati “kopresidente” kargu gorenera igotzeko aukera ematea –legezkotasunik gabeko Konstituzio batean sartutako kargua–, eta soilik hura lider goren eta bakarraren emaztea bada.

“Iraultzaren bigarren etapa” deitu zuten horretan, Daniel Ortegaren erregimenak agenda antifeminista oldarkorra abiatu zuen, alde batetik, emakumeen eskubideak defendatzen dituzten erakundeen lana ahultzera eta horren ospea zikintzera bideratua, eta bestetik, diskurtso paternalista eta autoritarioa erabiltzen duen emakumeen salbatzaile gisa aurkeztera, non gezurra eta xantaia nagusi diren.

Ortega-Murillo diktadurak eragindako indarkeriak misoginiaren eta heterosexismoaren marka argia du

Diskurtso zehatz bat ezarri dute estatuko erakundeen eta doktrinamendu zein zaintza organo gisa funtzionatzen duten estatuaren aldeko egituren bidez. Izan ere, emakumeen eta feministen elkarteak aurkezten dituzte “kulturaren”, tradizioen eta Nikaraguako familien egonkortasunaren aurkako eragileak balira bezala, kanpoko interesak defendatuko balituzte bezala.

Herrialdeko mugimendu beligeranteenetarikoaren intzidentzia gaitasuna murrizteko eta zilegitasuna apaltzeko nahita egindako estrategia baten parte dira difamazio-kanpainak, estatuko erakundeetako eta unibertsitate publikoetako ahots feministen zentsura eta asistentzia programez baliatzen diren emakumeei egindako xantaia.

2018ko apiriletik aurrera larriagotu ziren mugimendu feministaren aurka estatuak berak aurrera eramandako indarkeria politikoak. Gobernuak ezarritako neurri batzuen kontrako gizarte mobilizazio handiko testuingurua izan zen, jubilazioko pentsioei eta nekazari- zein indigena-komunitateen segurtasunari eragiten baitzieten.

Hasierako kopuru gisa, errepresio bortitzak 355 hildako eta dozenaka zauritu, kartzelaratu, erbestera behartu eta desnazionalizatu utzi zituen, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisiodunaren Bulegoak zabal dokumentatu dutenez. Horrek aktibista feministak, giza eskubideen defendatzaileak, gazte kolektiboetako buru zein bozeramaileak, oposizioko alderdietako buruak, kazetariak eta artistak kokatu zituen arrisku handiko egoera batean, azken zortzi urteetan agerian geratu den bezala.

Ortega-Murillo diktadurak eragindako indarkeriak misoginiaren eta heterosexismoaren marka argia du. Alde batetik, askatasun, justizia eta demokrazia eskatzeko mobilizazio sozial bizian emakumeen beligerantziaren aurrean dagoen atsekabea adierazten du, eta, bestetik, indarkeria esplizituki jartzen du martxan, erabateko zigorgabetasunarekin egindako gehiegikeriak salatzera ausartzen diren emakumeak zigortzeko eta isilarazteko mekanismo gisa.

Errepresioaren unerik gorenetan poliziek eta para-poliziek harrapatu zituzten emakumeek mota guztietako eraso fisiko, psikologiko eta sexualak kontatu dituzte, irain eta mehatxu sexistetatik hasi eta giza eskubideen erakundeek dokumentatutako bortxaketa kasuetara arte. Espetxeratutako oposizioko talde politikoetako buruzagien kasu partikularrean, erabateko isolamendu praktika luzeak jasan zituzten, baita senideak zigortu zituzten ere, gehienak emakumeak, eta mota guztietako umiliazioak jasan behar izan zituzten atxilotze zentroetara iristen ziren bakoitzean.  

Mobilizazio-, antolaketa- eta salaketa-eremuetan leku ikusgarriak hartu zituzten emakumeak zigortzeko mekanismoekin batera, emakumeen eskubideak defendatzen dituzten ia elkarte eta fundazio guztiak ere baliogabetu ziren, haien ondasunak konfiskatu zituzten “nazioaren subiranotasunaren, segurtasunaren eta bakearen” etsai deklaratzen dituen lege baten bidez.   

Espazio publikoan banaka eta taldeka esku hartzen duten eta Ortega-Murillo erregimenaren tutoretza zein kontrol modu oro baztertzen duten emakumeak zigortzeko modu gupidagabea da. Hain zuzen ere, haiek jartzen dute eztabaida publikoan estatuak eragindako indarkeria patriarkalaren agerpen nabarmenak, desberdintasunak eta pobrezia sortzen dituen eskemaren onura jaso duten botere faktikoen konplizitatea duten horiek.

Indarkeria hori ohartarazpen argi bat da, halaber, botere-zirkuluetan lekua izatera iritsi diren emakumeentzat, lehenago edo geroago emakumeak beren eskubideen aurka egitera behartu zituzten “ongileek” bidalitakoa. Genero-ekitatearen diskurtso faltsu bat legitimatzeko erabiliak izan diren emakume askoren errealitatea da hori; gero modu bortitzean baztertuak izan dira edo filosofo feministek aipatu diguten “isiltasun- eta obedientzia-botoa” erabiltzera behartuak izan dira.      

Emakumeen eta Nikaraguako mugimendu feministaren aurka erabilitako indarkeria politikoak, Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan ere agertzen den horrek, gogorarazten digu premiazkoa dela parte-hartze politikoaren eta parekotasunaren arteko harreman gero eta konplexuagoa birpentsatzea. Horren baitan feminismoak eskatzen dituen emakumeen eskubideak daude, baita parte-hartze horretatik sortzen diren erregimen antidemokratikoak ere, horiek bihurtzen baitira diktadura.

María Teresa Blandón Gadea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.