Agerraldi egin dute Errenterian ostiral arratsaldean, Oreretako Asanblada Feministak deituta. Azken asteetan publiko egin diren indarkeria matxisten kasuak “joko politikorako” erabili izana gogor salatu dute, eta mugimendu feminista “gutxiesteko eta kriminalizatzeko” saiakera kritikatu. Euren konpromisoa “erasoak jasaten dituztenei laguntzea, entzutea eta babestea” dela berretsi dute.
Errenterian (Gipuzkoa) azken asteetan publiko egin dira indarkeria matxistagatik salatutako bi kasu, eta Oreretako Asanblada Feministak ostiral arratsaldean azalpenak eman ditu bi kasuen kudeaketaren inguruan, “komunitatea astindu duten gertakariak” izan direla jakitun. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren babespean irakurri dute komunikatua, 80 eragile eta asanblada feministak baino gehiagok sinatu dutena. Bertan, gogor salatu dute alderdi politiko batzuek auziak “instrumentalizatzea”, eta EAJri leporatu diote “olatu erreakzionarioarekin bat” egitea: “EAJri eta patriarkatu zaharkituaren ordezkari guztiei –juristei, kazetariei eta gainerakoei– argi eta garbi esaten diegu: gezurra esaten ari zarete, eta badakizue. Marra gorri guztiak gainditzen ari zarete. Inoiz ez da halako moduan erabili indarkeria matxistak eragiten duen mina norberaren interes politikoen mesedetan”.
Errenterian PPk, PSEk eta EAJk mugimendu feministaren hitzak “lapurtu eta edukiz hustu” dituztela argudiatu dute, eta gehitu dute hauteskunde-kanpaina goiztiarra egiten ari direla. “Emakume bakar batek ere bere burua babestuta sentitzeko mugimendu feministara jo behar ez izateko lan serio eta zorrotza egiteko gai ez bazarete, utzi trabak jartzeari eta alde egin gure bidetik”, egotzi diote EAJri. Oreretako Asanblada Feministak adierazi du ez duela onartuko euren “joko politikoan sartzea”, eta salatu dute feministen jarduna “desprestigiatzen, gutxiesten, barregarri uzten eta kriminalizatzen” saiatu direla. Agerraldian berretsi dute mugimendu feministaren konpromisoa dela erasoak jasan dituztenak laguntzea, entzutea eta babestea, eta erasoak salatzera ausartzeagatik eskerrak eman dizkiete: “Berdin jokatuko dugu ohiko justiziara jotzea erabakitzen dutenekin, justizia-molde horrekiko mesfidati direnekin, kalean salatzea erabakitzen dutenekin edo bestelako bideak aukeratzen dituztenekin. Betiere infantilizatu gabe, ahotsa lapurtu gabe”.
Errenteriako Udal Gobernuak (EH Bildu) bi kasuetan erasoak jasan dituzten emakumeen eskaerak errespetatu izana garrantzitsua dela azpimarratu dute, baita “zurrunbilo mediatikoa” elikatu ez duen kazetaritza feminista egitea ere. Dena den, jakitun dira komunitatean eragin duen asalduraz, baina oroitarazi dute asanblada feministako kideak ere komunitate horren parte direla, eta ardura partekatua izan behar dela: “Jakitun gara familia guztien saminaz, baina inork ezin digu eskatu, ez guri ez kaltetutako emakumeei, guk kudea dezagun erasotzaileek eragindako kaltea. Nork bere erabakiak eta ardurak har ditzala”.
Erasoak jasan dituzten emakumeek komunitatean duten paperaz gogoetatzeko eskatu dute: “Nor gogoratzen da beraiekin? Gure buruari galdetu beharko genioke: isildu baziren, zergatik isildu ziren? Beste batzuk gorputza jartzen ari dira publikoki, ze ondoriorekin?”. Honela laburbildu dute: “Zergatik eskatzen zaie beraiei erasotzaileei baino gehiago?”.
Azken asteetan zabaldutako “zurrumurru ankerrak” kritikatu dituzte, eta bi kasuen inguruan azalpen batzuk eman dituzte. Betiere, Oreretako Asanblada Feministak nabarmendu du, bi kasuak ezberdinak izan arren, fokua bi kasuen oinarrian jarri behar dela, “errotutako indarkeria matxistan”: “Berdin dute ñabardurek, xehetasunek edota intentsitateak, boteretik eta zigorgabe sentitzetik datorren indarkeria da”.
Agerraldian zehaztu dutenez, lehen kasuaren berri 2024ko amaiera aldera jakin zuten asanblada feministako kideek. Jon Maya Sein dantzari entzutetsu eta Kukaiko kideak emakume bati egindako erasoaren testigantza jaso zuten, eta asanblada feministak “bilatu gabe”, emakume gehiago joan ziren gero eurengana, “amorru eta nazka berdinarekin, antzeko kontakizunekin”. Emakume horien erabakiz, epaitegietatik kanpo, “prozesu erreparatzaile eta eraldatzailerako bidea egitea” eskatu zioten dantzariari. Duela bi hilabete Kukaik “presa” zeukala eta zabaldutako gutun batekin “prozesuaren oinarriak haustea erabaki” zuela esan dute, emakumeekin adostutako konfidentzialtasuna apurtuta. Gida Batzordeko bozeramaileak sinatutako gutunaren edukia kritikatu dute: “Berak erabaki zuen erasoak arinak zirela, jarrera desegokiak baino ez zirela”. “Erasotzailearen izena garbi uzteko” saiakera behin eta berriz egin dutela kritikatu dute, eta gizonen arteko aliantzen bidez erasoak “minimizatzea” gaitzetsi dute. Ez dute uste Mayari eskatutako prozesua “erreparatzailea, garbia ezta zintzoa” izan denik: “Beraien usteen kontrara, benetako prozesu erreparatzaile batek egindako kaltearen onarpen sakona, pribatutasunetik egindako lanketa eta biktimen minarekiko errespetu osoa eskatzen du, eta kasu honetan ez dugu halakorik ikusten”.
Xenpelar Bertso Eskolako irakasle izandako gizon baten aurkako salaketa, berriz, 2026ko maiatza hasieran heldu zitzaion Oreretako Asanblada Feministari, neska gazte talde batek jo baitzuen eurengana. “Neskak beraien artean hitz egiten hasi eta kontakizunek antzekotasunak zituztela ohartu ziren; botere-harremanez hitz egiten zuten, mendekotasunaz, manipulazioaz, isolamendu-saiakerez, jazarpenaz eta erasoez”. Salatzaileek jakin zuten gizon horrek indarkeria matxistagatik protokolo bat irekita zuela Bertsozale Elkartean, non eskatu zitzaion bertsolaritzari lotutako eremuetatik kanpo egotea. Neskek jakin zutenean protokoloak ez zirela bete, salaketa publiko egitea erabaki zuten, “bertso irakasle hau geldiarazteko eta urteetako inpunitatea amaitzeko helburuarekin”, ostiraleko agerraldian irakurritako komunikatuan gogorarazi dutenez.
Xenpelar Bertso Eskolako kasuari lotuta, Errenteriako Udalak jakinarazi zuen maiatzean izan zuela salaketen berri, eta hainbat neurri hartu ditu. Gogoratu behar da udal zerbitzu bat dela, ez duela Bertsozale Elkarteak kudeatzen, beraz, udalak erabaki du bertso eskolaren jarduna bertan behera uztea, argudiatuta erasotzaileak zein gutxienez zuzendaritzako beste kide batek ez dituztela bete Bertsozale Elkartearekin hartutako konpromisoak: "Erasotzailea babestu da eta biktimak edo biktima izan ziteztekeenak babesgabe utzi, Udalaren esanetan, onargaitza dena". Errenteriako Udalak Polizia Judizial eta Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri du Bertso Eskolaren inguruko auzian duen informazio guztia.