Eleak/Libre mugimendua oso kritiko azaldu da EAJk eta PSOEk Mozal Legea aldatzeko atzo Madrilen aurkeztutako lege proposamenekiko. 2015ean PPk bakarrik onartu zuen Mozal Legea indargabetzeko "Madrilgo Diputatuen Kongresuan zegoen aukera" zapuztu dutela salatu dute.
Eskubide sozial eta politikoen aldeko taldearen iritziz, jeltzaleek eta sozialistek martxoaren 21an aurkeztu dituzten lege proposamenen helburua, ez da egun indarrean dagoen Mozal Legea hankaz gora jartzea, aurkeztu dituzten emendakinen bidez legea birmoldatzea baizik. Alderdikeriaz jokatzea leporatu diete bi alderdiei: "Garrantzia handiagoa eman diote PPri gehiengoa ez duela erakusteko maniobra politikoari, milaka herritarren eskubide zibil eta politikoak suntsitu dituen Mozal Legea indargabetzeari baino".
Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Mozal Legea indargabetzeko –eta ez moldatzeko– eskatu zutela azpimarratu dute. Beren ustez, salbuespeneko legeria osoa da indargabetu behar dena, ez edukiak malgutu.
Indargabetu arte, ez aplikatu
Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak emandako datuen arabera, 8.087 herritar zigortu dituzte EAJ eta PSE-EE gobernatutako erakundeek 2016ko abendura arte. Joan den ekainaren 22an Gasteizko Legebiltzarrean hartu zuten Mozal Legea ez aplikatzeko erabakia eta ordutik hona 2.857 isun jarri dituztela berriro gogorarazi nahi izan du Eleak-Libre mugimenduak. Dei egin die Euskal Herriko indar politiko guztiei, bertako erakundeetan "harturiko erabakia manipulatu gabe", Madrilgo Diputatuen Kongresuan Mozal Legea indargabetzeko pausuak eman ditzaten, "salbuespeneko legeriaren atal hau indargabetzeko modu bakarra delako". Eta, azkenik, legea bertan behera utzi arte, Mozal Legea ez aplikatzeko eskatu dute.
EAEko azken datuekin ARGIAn osatu dugun infografia: