Iñaki Dorronsoro hil da, Eusko Ikaskuntzako presidente ohia

  • 1947an Ataunen jaioa, gaur egun, Gaindegia behategiko presidentea eta Jakiundeko akademiako ohorezko kidea zen.

Iñaki Dorronsoro, 2019an Mereziemenduzko ARGIA Saria jaso zuenean. Dani Blanco

2026ko ekainaren 22an - 09:36
Azken eguneraketa: 11:32
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iñaki Dorronsoro Plazaola zendu da igande honetan, 78 urte zituela, Beasainen (Gipuzkoa). Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak eman du heriotzaren berri, behategiko presidente baitzen 2022tik. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako ohorezko kide ere izendatu zuten 2021ean, eta aurrez, 2023 eta 2020 artean, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan zen. Kooperatibismoari, akademiari eta euskaltzaletasunari estuki loturiko ingeniari industriala zen.

Ataunen (Gipuzkoa) jaio zen Dorronsoro, 1947ko irailean. Bilboko Ingeniaritza Eskolan industria ingeniaritzako ikasketak burutu zituen 1973an, eta Ampo sozietate kooperatiboan hasi zen lanean.

1983an Arrasatera (Gipuzkoa) joan zen, eta Mondragon Taldeko Kooperatiba Berrien Sustapen Saileko zuzendari gisa aritu zen lanean. Bere funtzioa negozio kooperatibo berriak sortzeko ideiak bilatzea, bazkideak aurkitzea eta kooperatiba berriak sortzea zen. 1989an LKS taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1992an, berriz, LKSko zuzendari izendatu zuten.

2000. urtean Ezagutzaren Klusterraren fundatzaileetako bat izan zen bertze erakunde eta enpresa batzuekin batera, eta hango lehen administrazio-kontseiluko kidea. Halaber, MIK Mondragon Ikerketa Kudeaketan zentroaren sustatzailea, presidentea eta zuzendaria izan zen garai ezberdinetan. Berriako lehen administrazio kontseiluan ere parte hartu zuen, Euskaldunon Egunkaria itxi osteko garaian.

2019an Eusko Ikaskuntzari eman zioten Merezimenduzko ARGIA Saria, eta Dorronsorok jaso zuen saria, bertako lehendakari baitzen orduan.

Bere ibilbide akademikoan, Deustuko, Lancasterreko (Erresuma Batua) eta Mondragon unibertsitateetan irakasle elkartu gisa jardun zuen. Azken horretan errektore kontseiluko kide izan zen, eta Ikerlan, Ideko eta METCko kide ere bai.

Dorronsoro ia urtebeteko gaixoaldiaren ondoren hil dela azaldu du Gaindegiak: "2022ko urrian ardura nagusia hartu zuenetik  behategiaren biziberritzearen palanka bilakatu da, iazko abuztuan gaixotasuna azaldu zitzaion arte".


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...