Joan den astearen amaieran ekin zion gose eta komunikazio grebari Lezamako presoak, Gedarrek jakinarazi duenez; eta asteazken honetatik aurrera, halaber, egarri grebari ere ekin dio.
Ekimenarekin Zaballako espetxean bere aldarrikapenak aurrera eramateko askatasun politikoak aldarrikatzen ditu Iñaki Bilbao Txikito-k; aldi berean, protesta ere egin nahi du isolamendu-erregimenean jarri dutelako. La Haine-n zabaldutako informazioen arabera, Bilbaok ikurrina eta Kubako bandera zituen bere ziegako leihoan, eta espetxeko funtzionarioek eskatu zioten horiek kentzea. Berak eskaerari muzin egin zion eta, ondorioz, beste ziega batera eraman zuten, isolamendu egoeran. Protesta gisa, Bilbaok gose eta komunikazio grebari ekin zion lehenik, eta ondoren egarri greba ere gehitu dio protestari.
Bilbao ETAko kidea izan zen eta 1983an espetxeratu zuten horregatik. 18 urte preso egon ondoren askatu zuten, eta berriz ekin zion ETAko militantziari. 2002an atxilotu zuten berriz ere eta harrez gero kartzelan da, azken urteetan Zaballako espetxean. Aspalditik atera zen Euskal Preso Politikoen Kolektibotik eta ETAk borroka armatua uztearen aurkako jarrera agertu izan du. Bere eskubideen aldeko borrokek hainbatetan eraman izan dute gose grebetara. Ezagunenetakoa 2020koa izan zen; urte hartan 50 eguneko gose greba eraman zuen aurrera Cadizeko Puerto III espetxean. Orduan, epaileak ospitalera eraman eta indarrez elikatzeko agindua eman zuen.