argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Anasagasti: “EAJkoa ez banintz, agian blog lehiaketa hori irabaziko nuen”

2008ko otsailaren 27a
Iñaki Anasagasti

Ez dakigu ironikoki ala serio-serio bota duen, baina Iñaki Anasagasti EAJko senatariak bere blogean idatzitakoak bazterrak nahastu ditu. Ideas.es blog-sare espainiarrak bitakora politiko onenak aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Finalera hiru politikariren blogak heldu ziren: Iñaki Anasagastirena, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiarena eta Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidentearena. Hirugarrenak irabazi du. Eta Anasagasti haserretu egin da.

Ideas.es blog-sarearen erabakiaren berri izatean, post polemikoa idatzi zuen Anasagastik bere blogean: "Si no hubiera sido del PNV igual hubiera ganado un premio de blogs". Guillermo Fernandez Varari maitasun lerroak eskaini zizkion artikuluan: "Zoragarri. Zoriondu egiten dut. Eta gustatuko litzaidake jakitea presidenteak bere bloga elikatzeko beltz deitutakoen laguntza ez ote duen. Ez du axola. Sekulakoa litzateke bere blogetik Zarzuelako paretak astintzea lortu duen EAJko senatariari sari bat ematea. Bazekien inork Extremadurako presidenteak blog bat zuenik?". (Bakoitzak duen erantzun kopuruari so egiten badiogu baietz esango genuke, baina...)

Ironia fina (finegia, aukeran) ala kasketaldi potoloa? Iñaki Anasagastiren artikuluari erantzun dioten hainbat erabiltzailek ere galdera bera egiten dute. Ez, ordea, internauta horietako batek, Guillermo Fernandez Varak. Nabari da Anasagastiren figura literarioaren aipuari literarioki heldu diola: "Gauza bat soilik esan nahi dizut. Ez daukat beltzik, zuk deitzen diezun bezala. Beltzak gehiago errespeta itzazu. Nire lekuan egonez gero, beltzak izango zenituzkeelako duzu susmo hori. Ez gauzak nahastu, eta jendea ezagutu gabe ez iraindu".

Anasagastik, noski, ezin izan dio Fernandez Vararen gaizkiulertuari zukua ateratzeko tentazioari eutsi. Herritar beltz eta beltz edo ezkutuko kolaboratzaileen arteko desberdintasunekin arerioa apur bat xaxatu ostean, benetako erasoa jo du EAJko senatariak: "Beltzei buruz leporatzen didazuna, euskaldunekiko sentitzen duzuna da; mespretxatu egiten dituzula dirudi (...) Zure bloga elikatzen duten kolaboratzaileak dituzu. Nik ez. Hori da desberdintasunik handiena. Goza ezazu sariaz eta jarraitu orain arte bezain lotsagabe eta iraingarria izaten, antza denez horrek zure herrian botoak ematen ditu eta".

Eta Fernandez Vararen erantzuna, zauriak ixteko asmoz-edo: "Nik ez dut inor mespretxatzen, ez itzazu gauzak nahastu. Zure herrian –neurri batean nire ere sentitzen dut–  extremadurar asko daude; euskaldunak ere badira, eta badakite nolakoak garen".

Enfin... bi politikarien arteko elkarrizketa birtuala halaxe bukatzen da. Kontu honi buruzko albistea El País egunkarian irakurri dezakezue. Bide batez, Pablo Arangurenek ezkutuko idazleei (beltzei) buruz ARGIA aldizkarian idatzitako artikulua ekarri dut hona: www.argia.eus/argia-astekaria.