“Ilusio hutsa” da Adimen Artifizialaren energia eskaera handia berriztagarriek ase dezaketela

  • Nazio Batuen Unibertsitateko Uraren, Ingurumenaren eta Osasunaren Institutuaren txosten berri batek aletu ditu multinazionalen Adimen Artifizialeko sistemen atzean dauden gastu energetikoak eta inpaktu ekologikoa.


2026ko ekainaren 8an - 14:17
StockPhotos
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

AAk sorturiko irudi, bideo edo testu bakoitzaren atzean gero eta azpiegitura handiagoa dago, energia, ur geza eta lurra irensten dituena, mineralak modu masiboan erauztea eta hondakin elektronikoak sortzea beharrezko duena. Problematikaren erdigunean datu-zentroak daude, mundu digital osoaren bizkarrezur fisikoa. NBEren txostenaren arabera, 2025ean datu-zentroek 448 terawatio-ordu (TWh) elektrizitate kontsumitu zuten munduan.

Hau da, datu-zentro guztiak herrialde bat balira, energia-gastuari dagokionez, munduko hamaikagarren postuan egongo lirateke, Frantziako kontsumo osoarekin berdinduta. Gainera, aurreikuspenen arabera, 2030ean datua bikoiztu daiteke –945 TWh–, hau da, munduaren elektrizitate-kontsumoaren ia %3a.

ChatGPTk 2.500 milioi kontsulta inguru prozesatzen ditu egunero, Googleren Geminik 650 milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago izan zituen 2025aren amaieran, DeepSeek-ek, sortu eta gutxira, hilean 125 milioi erabiltzaile baino gehiago izan zituen oso denbora gutxian. Masifikazio hori kritikoa da, ohiko web-bilaketa batek 0,3 Wh orduko kontsumitzen du gutxi gorabehera, baina edozein AA sistemaren eredu sortzaileekin egindako bilaketa hobetuek hamar aldiz energia gehiago xahutzen dute. Inpaktua izugarri aldatzen da zereginaren arabera, eta bideo-sorkuntza da muga energetiko kritikoena. Testu laburreko erantzun batek 0,047 Wh behar ditu, baina bereizmen handiko bideo-klip bat sortzeak 415 Wh baino gehiago eskatzen ditu.

NBEren dokumentuak ohartarazi du “ilusio hutsa” dela energia eskaera hori berriztagarriek ase dezaketela, kalteak arintzeko. Horren aurrean, txostenaren egileek mugak ezartzearen alde egin dute, eta ereduen gardentasunean, ingurumen-justizian eta erabilera-moderazioan oinarritutako ekosistema azpimarratu dute. 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Adimen artifiziala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...