Ilargipean lantzak saltoka

  • Hegalari izan gabe, harrapariengandik ihesi dabilenean itsas-azaletik kanpora salto egin dezake. Botakarra da, bere burua uretatik kanpora “bota”-tzeko joera duena.

Eneko Bachiller Otamendi

2026ko urriaren 26a - 05:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu
BOTAKARRA (Scomberesox saurus)

Taldea: Ornoduna / Arraina / Aktinopterigioa (hezurdunak eta hegats erradiatidunak).

Neurria: 30-35 cm.

Non bizi da? Ozeano irekian, ur-azaletik oso gertu gauez, eta egunez sakonago, 50 m inguruan.

Zer jaten du? Eremu pelagikoko zooplanktona, arrain-larbak, arrautzak eta arrain txikiak.

Babes maila: Ez dago babestuta.

Atlantikoko bi aldeetara, ozeano zabalean migrazio luzeak egiten baditu ere, Siziliako muturra Italiako oin-puntatik bereizten duen itsasartean soilik izan da preziatua, mendez mende. Bertan, elektrizitatea ezagutu aurretik eta gauez inguraketa-sareekin arrantzatzean, “lampare” deituriko argiak erabiltzen zituzten, arrainok erakartzeko. Egunez, ordea, harri zuriak jaurtitzen zituzten itsasora, sarda pilatzeko. 1970eko hamarkadan, Sobietar Batasunak arrantza esperimentala jarri zuen abian, argia erabiliz gaueko inguraketa-arrantza industrialaren aukera aztertzeko. Ez zuen arrakastarik izan, besteak beste, ilargiari esker.

Ilargiaren argiak eragin zuzena erakutsi zuen argiarekin erakarritako arrain hauen arrantzaren eraginkortasunean. Itsas-azal handiagoa argiztatzen zuenez, arrantza-ontziko foku indartsuek ere nekez pilatzen zituzten arrainok puntu bakarrean. Ondorioz, hilero 12-18 gau baino ez ziren aproposak botakarraren arrantzarako.

Larbak eta arrain gazteak direnean haien muturra normala da, borobildua. Handitu eta helduaroan sartzean, 26 cm inguru neurtzen dituztenean, masailezurrak luzatzen zaizkio, behekoa goikoa baino zerbait lehenago eta gehiago. Hala, arrainaren ezaugarri adierazgarriena nabarmenduko da: orratz itxurako muturra. Gaztelaniazko “lanzón” izenak une honetan hartuko duen lantza formari erreparatzen dio. Horri esker, erresistentzia hidrodinamikoa murriztu eta abiadura handian egin dezake igeri, eta arrain txikiak eta krilla zehaztasun handiz ehizatu ditzake, pintza batekin helduko balitu bezala.

Baina kasu espeziea bereizterakoan, antzeko itxura duen beste arrain handiago bat ere bada eta: akula (gaztelaniaz “aguja”), 10 cm-ko orratza duena muturrean, hortz handiagoak, eta metrotik gorako luzera. Bi arrainon itxura antzekoa izanik ere, ez dute jatorri bera. Botakarrak isats aldean 5-7 “pinula” txikiko gandorra du, akulak ez: gandor hori berdelek eta tunidoek dutenaren antzekoa da, haien ahaidetasunaren erakusle. Kotxe baten aleroiaren antzera, igerian uretan sortutako uhinak murrizten ditu eta norabidea bat batean aldatzen laguntzen dio, harrapakinak ohartu gabe; ezusteko erasoetarako estrategia bikaina da. Kolorazioan ere, berdelen antzera, kamuflaje dortsalaz baliatzen da, bizkarralde berde-urdinxkarekin, harrapariek goitik atzematea zailtzen duena. Sabelaldea, ordea, zurixka da, azpitik begiratuz gero haien soslaia eguzkiaren dirdirekin lausotzeko.

Urteko zikloan, botakarrak elikadura- eta ugalketa-eremuen artean ehunka kilometroko urtaroko migrazioak egiten ditu Atlantikoaren iparraldean. Hala, Kantauri itsasora batez ere udazken-negu aldean iristen da: arrain handienak lehenago, eta ondoren txikiagoak. Euskal flotak arrantzatzen dituen espezie nagusien artean ez badago ere, bertako arrantzaren espezie-aniztasunaren parte da, eta sarda handiak inguraketa-sareetan sartuz gero, ziurrenik botakarra portuan deskargatuko da. Arrantzale askoren esanetan, kontserbarako ere egokia omen da, baina halako frogen emaitza ez da haien etxeetatik atera. Eskaintzen duen zaporearen inguruan, ordea, baiezta dezakegu sardina edo antxoaren moduko arrain pelagiko urdinetatik hurbil dagoela. Izan ere, botakarren sarda handiek ur-azalean saltoka aritzean sortutako zipriztinak apeu dira denetariko harraparientzat, kate trofikoan elementu garrantzitsu diren adierazle.

Gure arrain merkatuan beste espezie askoren prestigioa eskuratu gabe ere, historikoki ekonomikoa, tokian-tokikoa, sasoikoa eta omega-3 kopuruan aberatsa da botakarra. Alta, itsasoko bizidunek gainontzeko gizakiok baino gehiago estimatzen dutela dirudi. Aukera izatekotan, aprobetxatu, haiek egiten duten bezala.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.