argia.eus
INPRIMATU
Ilargia, hatza eta kraka

Mikel Aramendi 2024ko urtarrilaren 30a

Aburu zaharrak dio hatzak ilargia seinalatzen duenean, hatzari kasu egiten diola ergelak. Baina, zuhurrago, gehitu beharko genuke hatz-puntan azazkalaren azpian legokeen krakaz kezkarazi nahiko zaituela batere ergela izan gabe ilargia ezkutatu nahi duen gaiztaginak. Eta askotan, berearekin aterako dela, halakoak baikara gizakiok.

Esaterako, egunotan, batetik, UNRWArentzat (Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziarentzat) lanean ziharduten norbanako batzuek urriaren 7an Hamasen ekintzetarako laguntza eman izanak nazioartean iskanbila sortu du. Bestetik, Hagako Auzitegian Hegoafrikak aurkeztutako genozidio-salaketaren inguruko lehen ebazpena heldu da. Zinez, ergel samarra izan behar da sinesteko kasualitate hutsa dela biak batera gertatzea. Amen batean Wikipedian gaiari buruzko atal berezitu bezain joria sortu eta zuzkitzen dutenek aintzat hartu ez duten zerbait den arren. Baina egutegiak eta, batez ere, orkestrazioaren nolakotasunak argi erakusten du zeren eta noren partitura entzuten ari garen.

Hagako Auzitegiaren lehen ebazpena, Israelen aurkako genozidio-salakuntza aztergai izan dadin aintzat hartzeko adinakoa dela diona, antza, gutxitxo iruditu zitzaien askori, su-etenik eskatzen ez ziolako. Eskatu izan balu, Israelek men egingo ziola uste ote du norbaitek?  Jokoa zertan zetzan ez igarriz, ez bestela, pentsa zitekeen halakorik. Baina Hagako partida “kontakizunaren zelaian” jokatu da, jokatzen ari da eta jokatuko da gerora ere. Eta alde horretatik, Israel flotazio-marran jo duen torpedoa izan da ebazpena. Benetako ilargia da.

Horrexegatik abiarazi du Mendebalde Buruharroak UNRWAri buruzko “kontingentzia plana”: etxe-barneko iritzi publikoak hatzari ez ezik krakari begira jartzeko, lehenik; geure buruari galderarik egin ez diezaiogun. Eta, dirua arma bihurtuta, palestinar jende eta erakundeen aurkako gerra ekonomikoari ekiteko, bestetik. Israelen gerra kinetikoarekin uztartuta, berau (eta, batez ere, albo-kalteak) gehiegi luzatzen eta zabaltzen ari delako. Jo-puntuan, noski, ez dago Hamas, baizik palestinar herri osoa eta haren erakunde ezgauzak. Hagan auzi-gai den genozidio-salakuntzaren ikuspuntutik, konplizitatea beste ulerbiderik ez duen zerbait da. Guztiz deliberatua.

UNRWAri laguntza eteteko asmoa adierazi dute herrialde horien guztien (bai, guztien) historia hurbila (oso hurbila, batzuetan) gogoan izaten badugu, ez genuke harritu behar. Gainera.