Ilargia bezain biribila irten zen 10. agenda ospatzeko bertso bazkari berezia

  • Azpeitiko Azoka Plazan 50 lagun elkartu ziren irailaren 26an, Ilargia eta landareak agenda hamargarren urtez kaleratu dela ospatzera. Kasualitatez edo ez, ilargi beteko egunean. Elikaguneak bertako produktuekin prestatutako bazkari ederra gozatu zuten, eta Maddalen Arzallus eta Unai Agirreren bertso jarriak izan zituzten postre. Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak hamar urteotan elkarrekin lan egitea nola izan den azaldu zuten umore handiz, baita orain arte agendan landu dituzten gaiak zein izan diren ere, eta bi bertsolariek gai horiek zukututa biribildu zuten emanaldia. Bertsoekin eta ilustrazioekin gozatu nahi duenak, hementxe du bertan banatu zen liburuxka.

Bertso bazkari bereziko une bat, Maddalen Arzallusek olibondoari jarritako bertsoak abestu zituenekoa. Jenofa Berhokoirigoin

2026ko irailaren 28an - 08:22
Azken eguneraketa: 14:55
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Kalean da 2027ko Ilargia eta landareak agenda. Labetik atera berria den agendaren aurkezpena berezia izan zen, eta Azpeitiako (Gipuzkoa) bertso bazkaritan bildu zirenek aurrez aurreko elkarrizketa eta bertsoen bizitasunarekin gozatu zuten.

Hamargarren agendaren gaia fruitu arbolak izanik, Maddalen Arzallusek olibondoari jarritako bertso sorta abestuz eman zion hasiera bazkalosteko ekitaldiari. Euskal Herrian ugaria den arbola honen ezaugarriak arte handiz kantatu ahala, Palestinara eraman gintuen. Jarraian, Unai Agirrek sagarrondoari buruzko hiru bertso kantatu zituen, Iñaki Muruak hitzetik hortzera botatako hiru bertso biribil. Arzallusek gitarra hartu zuen, eta bertso bazkari honetarako berariaz jarri zuen sorta ezin finagoa kantatu zuen: "amaren bularra" doinuan gorosti esanguratsu bati jarritako sortak entzuleak hunkitu zituen. Eta Agirrek bukaera indartsua eman zion bertso jarrien tarteari, zati bat errezildarra duela gogora ekarrita: Erdoiztan landatu nahi zituzten "burdinazko arbola" edo eolikoei jarriak, "errota zahar maitea" doinu ezin sinbolikoagoan.

Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga, agendaren edukiaren egilea eta ilustratzailea. Olariagaren etxeko mizpirak mahaia apaintzen. Jenofa Berhokoirigoin

Jakoba Errekondok hartu zuen hitza, eta egindako bidearekin harrituta, "gezurra dirudi, dagoeneko hamargarren agenda denik 2027koa" bota zuen. "Ea beste hamaika urtean jarraitzen diogun", tentatu zuen hasieratik lan honetan bikote artistiko izan duen Olariaga. Paperezko agenda batean idaztearen balioa nabarmendu zuen: "Jendeak bere arazo bat kontsultatzen zidanean, askotan, galdetzen nien, ea zein egunetan landatu zuten, edo ze barietateko landarea zen, edo... eta 'a, ez dakit...' erantzuten zuten. Erabaki genuen jendeari eskaini behar geniola traste bat, erabiltzeko erraza zena eta, era berean, etengabe ikasteko modu edo bide bat izango zena". Polita, ederra, jasotzeko modukoa egin nahi izan zutela kontatu du, eta horrela jo zutela Olariagarengana.

Elikaguneak bertako produktuz bazkari ederra zerbitzatu zuten. Jenofa Berhokoirigoin

Antton Olariagak horrela deskribatu zuen bi sortzaileen harremana: "Ni galipot kumea naiz eta Jakoba baratzikola da, bi mundu diferente dira baina ongi moldatu gara", eta honela jarraitu zuen: "Saiatu naiz bere agindutara egoten, eta bere maizterra izan naiz, ez esklabu, maizterra. Eta hamar urteko hau izan da Maizter Klass totala". Olariagak landareez, animaliez eta elikaduraren bidez sortzen diren sozializazio espazioei buruz egindako ilustrazioek bete zituzten jendearen begiak, eta irudi horiek azaltzen hasita osatu zuen umorezko bakarrizketak burmuinak lehertu zizkien.

Azalpenen tartea ixteko, Errekondok agendan aurkitu ditzakegun edukiak eta informazioak azaldu zituen. Publikoak hartu zuen hitza ondoren: naturarekiko harremana berreskuratzearen garrantziaz hausnarketa partekatu zuen horietako batek, gaztainondoen gaitzaz galdetu zuen beste batek... eta solasaldi interesgarria sortu zen hauen eta Errekondoren artean.

Maddalen Arzallus eta Unai Agirrek librean kantari, baratzeko lanez elkarri arpa jotzen. Jenofa Berhokoirigoin

Bertsolariek bat batean kantatuz eman zioten errematea arratsaldeari, Errekondok eta Olariagak eman zituzten azalpenen haritik elkarri arpa joz:

Agirre:

Agenda denak izandu ditut

nahiz ta inork ez espero

ta hor barruan azaltzen dira

ez dakit zenbat jenero

aurtengoa det mesanotxean

gertu-gertu, bero-bero...

baina sarritan beiratzen diot

lanak pasatu ta gero.

 

Arzallus:

Beraz, begira egoten zara

liburuari ohetik

eta ondoren hauts batzuk kendu

gainetik eta azpitik

hola jakitun izango zeran

Unai, laguna, ez dakit

edo zu ere jakitun zara

baina janaren aldetik?

 

Agirrek beste bertso batean Arzallusi galdetu zion baratzerik egiten al duen, eta honen erantzuna:

 

Arzallus:

Egia esan, kontu hoietan

ni ez naiz oso abila

nahiz gure aitak baratza izan

eta jarduten den pila

niretzat berdin-berdinak dira

landarea ta makila

eta tarteka hurbildu izan naiz

baina tomateen bila.

 

Agirre:

Lotsatan, baina, esango dizut

goizean baratza jiran

ipini ditut aza batzuek 

eta brokoliak biran

"ai, ilargia!" pentsau det gero...

ta zer egin det segidan?

Atzo gauean beidatu nion

baina parre egin zidan!

 

Errekondo eta Olariagaren harremana ere izan zuten mintzagai. Unaik bertso bat horrela bukatu zuen:

 

Agirre:

Lehenago esan du Olariaga

hartu zuela laguna

ta hau esklabu berezia du:

nahi duna egiten duna

 

Arzallus:

Egia esan biak batean

bat nagusi, bat esklabo

zeinen jakitun diren berean

guztiz harrituta nago

sagarrondoa hala omen da:

gero eta jantziago

bere burua makurtzen duna

orduan eta beherago.

 

 

 

 

 

 

 

 


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.