Sindikatuek salatu dute ez dutela erantzunik jaso sektoreko patronalaren partetik eta hitzarmen kolektiborako negoziazioek etenda jarraitzen dutela. Hitzarmen kolektiboa aldarrikatzeko grebak egingo dituzte hiru hiriburuetako jaietan. Besteak beste, aparteko eta gauetako orduak ordaintzea eta hamabi edota hamalau orduko lanaldiak jaistea eskatzen dute. Festetako batzorde zein konpartsek mobilizazioak babestu dituzte.
"Kultura ezin baita esplotazioaren sinonimo izan". Hala aldarrikatu dute ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikarien bozeramaile Nekane Canterok eta Jorge Peralesek, asteartean Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean egindako prentsaurrekoan. Salatu dute EUKI Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizun eta ekitaldien sektoreko patronalaren aldetik "utzikeria" sentitu dutela hitzarmena negoziatzearekiko. Hori dela eta, iragarri bezala, hiru greba egun egingo dituzte: abuztuaren 5ean Gasteizen, Andra Maria Zuriaren egunean; abuztuaren 14an Donostian; eta abuztuaren 26an Bilbon. Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek egin dute bat greba deialdiekin.
Sindikatuek bi urte daramatzate EAEko ikus-entzunezkoen eta ekitaldien lehenengo hitzarmen kolektiboa negoziatu nahian. Ordea, salatu izan dutenez, EUKI patronalarekin elkarrizketak etenda daude. Maiatzaren 15ean greba egin zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera salatzeko, eta aurreikusi zuten, elkarrizketak geldituta jarraituz gero, udan greba gehiago egingo zituztela. Esan eta egin, hiru hiriburutako jaietan egingo dituzte.
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, patronalaren aldetik "erabateko isiltasuna" jaso dute eta horrek ez du bat egiten errealitatearekin. Azaldu dutenez, lan-ikuskaritzan salaketak aurkeztu ostean, "arrazoia" ematen dieten eta "hainbat enpresa" zigortzen dituzten lehen txostenak jaso dituzte. "Erabat kontrajarriak dira patronalaren aldetik sumatzen dugun utzikeria eta herri eragileen aldetik sentitzen ditugun indarra eta batasuna", azaldu dute.
Izan ere, Gasteizko Txosna Batzordeak, Bilboko Konpartsek eta Donostiako Piratek greba deialdiak babestu dituzte, zeintzuek "prekaritatea eta sektorearen problematika lehen eskutik" ezagutzen duten. "Batasun horrek erakusten du jai duinak defendatzeko langileen eskubideak defendatu behar direla derrigor".
Aparteko orduak ordaindu eta lanaldi luzeak desagerrarazi
Honako hauek dira sindikatuen eskaerak: urteko lan egutegia, orain arte ez dutena; ordutegiak eta txandak aurretiaz komunikatzea, gaur egun astebeteko edo gutxiagoko tartearekin komunikatzen dizkiete; gauekotasuna, aparteko orduak eta jaiegunetako orduak ordaintzea; atsedenaldiak errespetatzea; eta hamabi, hamalau edota hamasei orduko lanaldiak bertan behera uztea.
Aldarrikatu dute borrokan jarraituko dutela, enpresek "zentzuz" jokatu eta langileei "baldintza duinak" bermatzeko elkarrizketak berrabiarazi arte; eta horregatik, greba deialdietara batzeko deia egin dute.