Ikusezinak diren horiek: sistemaren eremu hilak


2026ko maiatzaren 20an - 16:14
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Badago leku bat eskolan mapetan agertzen ez dena. Ez da liburutegia, ezta gimnasioa ere. "Lur grisa" deitzen diogu guk, baina agian hobe litzateke "eremu hila" deitzea. Bertan, haur batzuk noraezean dabiltza: gela egonkor baten babeserako "nahikoa ezinduak" ez direnak, baina gela arrunt baten zurrunbiloari aurre egiteko "nahikoa gaitasun" ez dutenak. Hor daude, ezinaren eta axolagabekeriaren arteko amildegian zintzilik.

Inklusioa hitz polita da. Ahoan gozoki bat bezala daukagu egun osoan: borobila, gozoa, perfektua. Baina paperezko inklusio hori gelako atean geratzen da. Ateaz bestaldera bakardadea dago. Irakaslearen bakardadea, hogei fronteri aldi berean eutsi nahi dionarena; eta haurraren bakardadea, bere ondoan dagoen lagunak azkarregi egiten duelako korrika eta berak ezin dituelako ezta oinetakoak lotu ere.

Gogorra da, bai. Baina gogorragoa da begietara begiratzea eta jakitea gaur ere ez duzula berarentzat astirik izan. Hamabost orduko laguntza aitortu diote, baina munduak 24 ordu ditu eta eskolak bost. Gainontzeko hamar orduetan zer? Hamar ordu horietan haur hori itota dago, ur azpian, arnasa hartu nahian, eta gu, ertzetik, ezin iritsi.

Garaia da gauzak argi esateko: inklusioa ez da haur guztiak gela berdinean edukitzea, baizik eta haur guztiek eskubide duinak izatea

"Ez dago formula magikorik", esaten digute goitik. Eta egia da. Ez dugu magiarik nahi, errespetua nahi dugu. Errespetua ikasle horrentzat, ez baita zenbaki bat excel orri batean; bizitza bat da, beldurrak dituena, ametsak dituena eta guk ukatzen diogun etorkizun bat duena. Inklusioa baliabiderik gabe ez baita inklusioa; abandonu dotorea da.

Eskolako korridoreetan malabarak egiten ditugu, baina batzuetan bolak lurrera erortzen zaizkigu. Eta lurrera erortzen den bola hori ez da plastikozkoa; hezur eta haragizko haurra da. Isilik geratzen dena, atzean, "lur gris" horretan desagertzen dena, inork ikusi ez dezan bere tristura.

Garaia da gauzak argi esateko: inklusioa ez da haur guztiak gela berdinean edukitzea, baizik eta haur guztiek eskubide duinak izatea.

Garaia da administrazioak paperezko maskara eranzteko. Inklusioa ez da borondate kontua, justizia kontua da. Eta gaur egun, gure eskoletan, injustizia oihuka ari da pasillo guztietan. Galdera da: norbaitek entzun nahi al du?

Zuriñe Viguri

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.