Arte eszenikoen langileen artean indarkeria matxista eta botere gehiegikeriak “errotuta” daudela ondorioztatu du Garazi Arregi Leónen ikerketak. Protokolo bat ontzen ari dira hainbat erakunde, egoerak larrituta eta “lan eremuak seguruagoak” izan daitezen. Ondo bidean, apirilean martxan egongo da.
Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoen gremioaren argi-itzalak ezagutzen ari gara egunotan. Egunotan zinemagintza jasotzen ari den goraipamenen alde iluna erakutsi digu Arregiren ikerketak. EHUren eta EiTBren Multimedia Komunikazioko Masterrean egindako lanak argitara eman du ikus-entzuneko eta arte eszenikoetako profesional gehienek (%57,8) ez dutela beren lantokia espazio seguru gisa ikusten, eta indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan esplotazioa "modu zabal eta normalizatuan" gertatzen dela, "askotan isiltasunak eta inpunitateak babestuta".
Egoerak arduratuta, eta ikerketaren emaitzak oinarri hartuta, protokolo bat ontzen ari dira lankidetzan EHUko ADI Ikerketa Taldea, (H)emen Elkartea eta EAB Euskal Aktoreen Batasuna, KSIgune klusterraren Konexioak programaren laguntzarekin. Emakunde ere bidelagun izaten ari dira. Ondo bidean, protokoloa apirilerako prest izango da, helburu argiarekin: "Lan eremuak seguruagoak eta bidezkoagoak bihurtzea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz", adierazi dute aipatutako erakundeek.
Isiltasuna eta inpunitatea
Arregik Euskal Herrian ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen esparruan lanean dabiltzan 90 profesionalen esperientziak bildu ditu inkesta, elkarrizketa sakon edota talde dinamikak baliatuta. Emaitzek alarma guztiak piztu dituzte: profesionalen %43,3ak indarkeria matxista jasan du noizbait lan esparruan, %60ak indarkeria kasuak ikusi ditu, eta %65,5ari erasoren baten berri izan du biktimaren ahotik. Indarkeria zuzenean jasan dutenen kasuan, %58,97ak generoagatiko indarkeria psikologikoa (irainak, gutxiespenak, presioa eta manipulazioa aipatzen dira) pairatu du. Parte hartzaileek gaitzetsi dute "askotan laneko tentsio gisa normalizatzen" direla jarrerak, baina "eragin sakona" dutela.
Ikerketaren esanetan, botere harremanek eraso matxistak isilpean mantentzea dakarte, eta, ondorioz, betikotzea. %87,18ak esan du erasotzailea "hierarkiaz edo botereaz baliatu den norbait" izan dela. "Denok dakigu pertsona bat botere-abusua egiten ari dela... baina zuk baino botere handiagoa dauka. Orduan ez diozu ezer esaten", adierazi du elkarrizketatutako batek. Are, botere harreman horiek hainbat kasutan lan esplotazioa ekartzen dute: inkestatutakoen %30,7ak jasan du. Azterketak agerian utzi du indarkeria matxista ez dela "kasu isolatuen emaitza", baizik eta "sektorearen egitura, hierarkiak eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa".