Enarak dokumentalak jaso du Ikus-entzunezko Argia Saria, gaia modu original eta ausartean aurkezteagatik, dokumentazio lan aberatsagatik, eta euskal musikaren historia zatitxo bat txikitasunetik transmititzeko erakutsitako gaitasunagatik… Saria Beñat Iturrioz zuzendariak, eta Juanjo Iturrioz eta Jose Iñurrita protagonistek jaso dute.
Honengatik saritu du ARGIAk Enarak dokumentala:
"Zenbatetan ez ote zaigu gertatu, zerbait kontatu nahi izatean eta denboran atzera egiterakoan iluntasun handia aurkitzea? Hain da hauskorra memoria, hain erraza ahanzturara kondenatzea inportantziarik ematen ez diozun hori…
Historia honi antzeko zerbait gertatu zitzaion. Ez zen ezer geratzen.
Bere protagonistek apaltasun harrigarriz hitz egiten dute gazte garaietan bizi izan zuten horri buruz, normala balitz bezala. Baina normala al zen, Francoren diktadurapean, seminarista talde batek rock psikodelikoa egitea? Zer eta euskaraz?
Gaur hemen sarituko dugun lanaren sortzaileak argazkiz argazki eta notaz nota, ezezaguna zen intra-historia bat erreskatatu du iluntasunetik, The Beatlesen bertsioetatik hasi eta Larraizko 'akelarreraino'".
Enarak dokumentalaren zuzendari Beñat Iturriozek dio aztarnarik utzi ez zuen historia bat kontatu dutela: “Inurri lan ikusezin hori garrantzitsua da, alez ale sortzen den menditxo hori da herrigintza. Gauzak txikitik egiteak garrantzia dauka”. Espero dute dokumentalaren txikitasun horri hauspo berria ematea Argia Sari honek.