Donostian ikurrinaren aldeko omenaldia egingo da larunbatean, Espainiako bandera erakundeetan jartzeko obligazioaren aurka protesta egiteko. Realeko kapitain ohi Inaxio Kortabarriak igoko du ikurrina, eta plaka bat jarriko dute Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren eraikinaren alboan.
Kortabarriak 1976an ikurrinaren aldeko keinu historikoa egin zuen: ikurrina oraindik ere legez kanpokoa zenean Donostiako Atotxa futbol zelaira atera zuen jokalariak, Athletic-eko kapitain Jose Angel Iribarrekin batera.
Larunbateko ekimenean Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariek ere hartuko dute parte, eta dantza eta musika saioak ere izango dira. Martin Garitano ahaldun nagusiak amaituko du ekitaldia.
EAJk omenaldian parte ez hartzea erabaki du, ekitaldia Bilduren “inposizioa” dela argudiatuta.
EH Bilduk, berriz, “inposizio bakarra Espainiako Estatuak Espainiako banderarekin egindakoa” dela esan du, eta herritar, alderdietako kide eta Gipuzkoako instituzioetako ordezkari zein ordezkari ohiak gonbidatu ditu larunbateko ekitaldian parte hartzera.
Informazio gehiago:
Atotxako ikurrina ezkutuari buruzko dokumentala gure multimedia kanalean ikusgai.