Ikurrin daltonikoa


2026ko irailaren 15ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sinboloen gainbeherari eta herri-identitateari buruzko mezu sakona utzi zigun Pello Reparazek Mitoaroa III ikuskizunean. “Herri bat ezin da sinbolorik gabe bizi”, entzun genuen. Izan ere, gure sinbolorik gabe, gure nortasuna galtzen ari gara. Beraz, bizirik jarraitu nahi badugu, gure ikurrak berreskuratu behar ditugu.

Esnatzeko deia izan zen Pellorena, baina esna daudenak beste batzuk dira. Badakite herri baten nortasuna ezabatzeko bere ikurrak kendu behar zaizkiola. Eta horretan ari dira; euren ikurrak inposatzeaz gain, gureak bereganatzen dituzte, baina beren jatorrizko esanahia eta indar aldarrikatzailea kenduta, folklore hutsean uzteko.

Eta bitartean, gure instituzioak iparra galduta. Ikusi bestela zer-nolako ideia izan duen Eusko Jaurlaritzak bere 90. urteurrenaren harira: logo berri bat egin du ikurrinaren hiru koloreak lekuz aldatuta.

Euren ikurrak inposatzeaz gain, gureak bereganatzen dituzte, baina beren jatorrizko esanahia eta indar aldarrikatzailea kenduta, folklore hutsean uzteko

Ikurrina 1894an Sabino eta Koldo Arana anaiek diseinatu zuten Bizkaiko bandera izateko. Hondo gorria, gurutze zuria eta aspa berdea egiteko Bizkaiko armarrian oinarritu ziren. Armarri hark Lope de Haro leinuaren bi otso ere bazituen, baina aranatarrek baztertu egin zituzten; hala ere, ez ziren konturatu aspak ere harotarrenak zirela. Aspa horiek espainiarren aurka irabazitako gudu batekin lotu zituen Sabinok, Gernikako Arbolaren kolore berdea emanez eta gure aberriaren independentzia adierazten zuela esanez. Bizkairako zena Euskal Herriaren ikur bihurtuko zen eta Agirre lehendakariak ofizial egin zuen.

Zer pentsatuko lukete aranatarrek eta Agirre lehendakariak oraingo logoa ikusiko balute? Diseinatzailea daltonikoa dela, agian? Bestela, balirudike aspa gorriarekin gure herriari traizio egin zioten harotarren ereduari jarraitu nahi zaiola; eta gurutze berdearekin farmazia irudikatu nahi dutela: herritarroi pilulak emanez, lozorroan jarrai dezagun.

Patxi Olabarria Irizar

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.