Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea indarrez hustu eta urtebetera, Justizia Aranarentzat plataformak salatu du Ertzaintzak bortizki jardun zuela, tiro egiteko aginduarekin; eta geroko prozesu judizialean “etengabe gezurretan” eta frogak ezkutatzen ari direla. Erantzukizun politikoak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari.
Apirilaren 3an beteko da urtebete Ertzaintza Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustera sartu zela; eta, horrekin batera, Iker Arana orduan 33 urteko herritarrak barrabiletan tiroa jaso eta hura galdu zuela. Ordutik urtebetera, Justizia Aranarentzat plataformak jakinarazi du akusazioak eskatu duela tiro egin zuen ertzainaren arduradunak deklaratu dezala epaitegietan; izan ere, iazko abenduan deklaratu zuen tiro egin zuen ertzainak berak, baina kasua artxibatzeko eskatu zuen haren abokatuak, argudiatuta distantzia horretan foam bala batek ezin duela halako kalterik eragin, eta ondorioz, gazteak segurtasun-lerroa gainditu behar izan zuela. Plataformak eta Arana berak “gezurretan” aritzea leporatu diete ertzainei, eta frogak ezkutatzea, gorputz kameren grabazioak eskatu badituzte ere, Ertzaintzak eman ez dizkiela azalduta.
Baina bestelako frogarik agertu da urtebeteko prozesuan. Aurtengo otsailean zabaldu zuen plataformak bideo bat Aranak barrabila galdu zuen unekoa. Bertan ikusten da –eta ondorioz gezurtatu da Ertzaintzaren bertsioa– Aranak ez zuela segurtasun-lerroa gainditu, eta, hasieran salatu gisan, 30 metro baino gutxiagoko distantziatik egin ziotela tiro foam balekin.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iazko maiatzean onartu zuen Aranak barrabila galdu izana “Ertzaintzaren jokabide desegokiaren ondorioa” zela, baina ikerketapean aritu den ertzainak, tiro egin zuenak, bestelako bertsioa defendatu du epaitegian. Plataformak azaldu du ertzain horrek eta bere lekukoek gezurra esan dutela, defendatu baitute tiro egin aurretik gaztetxearen aurrean jendea botilak jaurtitzen ari zela, istiluak izan zirela, alegia. Hori gezurtatu du aipatu bideoak eta horri esker mantentzen da oraindik kasua ikerketapean, Aranak dioenez; salatu baitu auzokideek grabatutako bideo hori ez balego, dagoeneko artxibatuta legokeela kasua.
Baina horixe dute bideo bidezko froga bakarra, ertzainen gorputz kameretatik ez baitute bat bera ere atera. Plataformak azaldu du gaztetxearen hustuketan izan ziren 35 ertzainen kameretako materiala ikertu badute ere ez dutela frogarik atera; plataformak ezin izan du hori baieztatu, materiala eskatuta ere ez baitiete eman.
Inpunitatea eta protestarako eskubidearen urraketa
Prozesu judizialaz harago, plataformak salatu du iazko apirilaren 3ko esku-hartzean Ertzaintzak tiro egiteko eta bortizki erreprimitzeko agindua zuela. Hain zuzen ere, horretarako agindua, tiro egitekoa, zutela salatu du plataformak eta bortizki oldartu zitzaizkiela bertaratutakoei. Plataformak egindako agerraldian Arana beraz gain gau hartan zauritu zuten beste kide batek ere hartu du hitza eta horixe bera berretsi du: “Lehenik hainbat kolpe eman zizkiguten lurrean; “ondoren, esku-burdinak jarrita eta furgoneta barruan, kolpe gehiago eman zizkiguten iseka artean”. Hori horrela, Segurtasun Sailari erantzukizun politikoa eskatu diote, operazioa “gertutik” ezagutzen baitzuen, Zupiriak adierazitakoaren arabera. Eta Arana soilik ez, polizia indarkeria jasan duten eta artxibatu berri dituzten beste kasu batzuk ere gogoan izan dituzte: Xuhar Pazos eta Amaia Zabarte, esaterako.
Azkenik, mota horretako esku-hartzeek protestarako eskubidea urratzen dutela salatu du, “gaztetxe baten alde elkartasuna adierazteagatik” Aranari tiro egin ziotela argudiatuta; alegia, protesta eskubidea noiz, nola eta zeren aldekoa den “poliziak eta haien arduradun politikoek” erabakitzen dutela. Hori horrela, Ikerrentzat justizia eta poliziaren inpunitatearen aurka eta protesta eskubidearen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin du plataformak.