Ikastolak izango dira kaltetu nagusiak Nafarroako hezkuntzako murrizketetan

  • Demografiaren beherakada dela-eta, Nafarroako Gobernuak datorren lau ikasturteetarako murrizketak iragarri ditu: eskola publikoek hemeretzi ikasgela gutxiago izango dituzte, eta itunpekoek, hamalau. Nafarroako Ikastolen Elkarteak dio euskararen kontrako erasoa dela; eta sare publikotik proposatu dute planteamendu ekonomizistak egin ordez, ratio txikiagoekin esperimentatzea. Mobilizazio jendetsua egin dute ikastolek asteazken arratsaldean.

Ikastolen Elkartea

2026ko apirilaren 22an - 11:33
Azken eguneraketa: 2026-05-07 10:07
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iragan astean hartu zuen erabakia Nafarroako Gobernuak: datorren ikasturtean, irailetik aurrera, Nafarroako eskola publikoek hemeretzi ikasgela gutxiago izanen dituzte, eta itunpekoek, hamalau. Horien artean, Lodosa, Lizarra, Tafalla, Lesaka, Bera eta Zizur Txikiko ikastolek. Erabakia aurre matrikulazio eskari datuak kontutan izanda hartu du gobernuak, hots, demografiaren beheranzko joera dela-eta. Ikastolen ustez, baina, euskararen kontrako erasoa da; eta sare publikotik proposatu dute planteamendu ekonomizistak egin ordez, ratio txikiagoekin esperimentatzea.

Demografia beherakadaren datuak ere aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, eta Berria-k jaso ditu: ikasle kopurua %20 apalagoa da sare publikoan zein itunpekoetan, duela hamar urteko datuekin alderatuta. Baina gelak ez dira neurri berean murriztu: 54 ikasgela galdu ditu hezkuntza publikoak denbora horretan (%8ko murrizketa); itunpekoak, aldiz, zortzi baino ez (%3). Jaitsiera hori nolabait “orekatu” nahi izan du Hezkuntza Departamentuak, aurtengo berrikuspenean hemeretzi ikasgela publiko eta itunpeko hamalau kenduta. 

Halaber, Hezkuntza Departamentuak azaldu du hiru irizpide orokor erabili dituela eskola pribatuen eta ikastolen itunak berritzeko: bat, batez besteko ratioa ikastetxe publikoek duten bera izan dadila —gela bakoitzeko 17 ikasle Iruñerrian, eta 15 ikasle gainerako eskualdeetan—; bi, diru publikoekin ikasgelarik ez finantzatzea eskaria urria bada; eta hiru, ikaspostuen “gaindimentsioa” eragoztea. Hautsak harrotu ditu murrizketaren erabakiak, ez baitie denei berdin eragin.

Nafarroako Ikastolen Elkartea gogor mintzatu da erabakiaren aurka: “Euskararen kontrako erasoa” dela dio. Elkarteko zuzendari Josu Reparazek Euskalerria irratian honakoa adierazi du: “Ikastolak ez gara inoiz kontsideratu ikastetxe pribatuak, ikastetxe herrikoiak baizik: ez du irabazi asmorik, eta herriak kudeatzen du”. Naiz-i eskainitako elkarrizketan adierazi du, halaber, neurria “arbitrarioa” dela, aurretik behar bezala adostu gabea eta euskarazko irakaskuntzari kalte eginen diona: "Nafarroako ikastolen ia erdiei eraginen die neurriak, beste ereduetan baino dezente gehiagori", mintzatu da. Gainera, Reparazek salatu du erabakia "aldebakartasunez" hartu duela gobernuak, "gardentasunik gabe". Izan ere, neurriaren berri batzordearen bezperan jakin zuten, aldez aurreko jakinarazpenik gabe.

Ondoriorik gogorrenak Lodosako Ikastolak jasan ditzake, desagertzeko arriskuan geratuko baita. Kezkaz mintzatu da Reparaz: “Lodosako Ibaialde Ikastolak betetzen duen funtzioa oso garrantzitsua da. Nafarroako Erriberan euskaraz ikasteko eskubidea izateko eta inguru hori euskalduntzeko ahalegina egiten du”. Esan duenez, “euskara izango da kaltetua”.

Bide juridikoa ere zabaldu dutela jakinarazi dute. Gora jotzeko helegiteak jarriko dituzte Hezkuntza Departamenduaren aurrean, ikasleen oinarrizko eskubideak urratzen direlako argudiopean.

Sare publikoa ere mintzatu da Nafarroako Gobernuaren erabakiaren kontra. Nora Salbotx Amaiurko eskolako maistrak Naiz-i azaldu dionez, “merkatuaren antza har dezake hezkuntzak, ez bada egiturazko erabaki bat hartzen: ratioak jaistea”. Hori dela eta, proposatu du planteamendu ekonomizistak egin ordez, ratio txikiagoekin esperimentatzea; eta sare publikoaren eta itunpekoaren arteko elkarlana aldarrikatu du: “Bi bide ditugu, elkarri begiak ateratzea edo hezkuntzaren kalitatearen alde bat egitea”.

Gaia Nafarroako parlamentura iritsi da, eta talde politikoak mintzatu dira. EH Bilduk gobernuari eskatu dio erabakia atzera botatzeko. Laura Aznal eledunak azaldu duenez, “eztabaidan aintzat hartu beharko litzateke, alde batetik, ikastolek Nafarroan bete duten eta oraindik ere betetzen duten rola, eta, bestetik, zonifikazio linguistikoa”. Geroa Baik ere eskatu du neurria baliogabetzea, eta ikastolak babestu eta euskararen berreskurapenean egiten duten lana aitortu ditu.

Elkarretaratzea Iruñean

Neurria salatzeko, mobilizatu egin da Ikastolen Elkartea asteazken arratsalde honetan. Bertan, Hezkuntza Departamentuak hartutako erabakia ez dela teknikoa salatu dute, “erabaki politiko eta arbitrarioa” baizik. Jaiotza-tasa bereziki baxuko urte bat erabili dutela “aitzakia gisa” ikastolen sareari murrizketak ezartzeko, eta ondoko galdera zabaldu dute: “Orain arteko irizpideak aplikatu izan balira berdintasun printzipioa mantenduta, orain arteko itun guztiek berdin jarraituko lukete, eta are gehiago, gela batzuk gehitu ere egingo lirateke. Beraz, zergatik ezarri zaigu zigor hau?”.

Nafarrei ikastolako bidea itxi nahi dietela azpimarratu dute eta hala, Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete erabakia berehala atzera bota dezatela eta mahai baten inguruan eseri daitezela, “benetako berdintasunean oinarritutako irtenbideak” bilatzeko.

 Ikastolen Elkartea

Bien bitartean, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta bide horretan herritarrei, euskalgintzari eta hezkuntza komunitate osoari dei egin diote ikastolen eta euskararen defentsan ager daitezen.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Eric Etxart (Seaskako lehendakaria)
"Azken urteetako Herri Urratsik jendetsuena izan da igandekoa"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.