argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak
  • Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 25a

Serunion SA enpresak ez du jantoki-zerbitzu gehiagorik emango. Akordio baten bidez, lotuta zituzten kontratuak etetea erabaki dute Hezkuntza Sailak eta enpresak, ikasturte honetan ikastetxe batzuetan sortutako “arazoak” direla eta. Otsailaren 5etik aurrera Tamar, Auzo Lagun eta Goñi enpresak arduratuko dira jantoki-zerbitzua emateaz, Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez. Serunionek EAEko hainbat tokitan ematen zuen jantoki-zerbitzua, besteak beste hamazazpi eskolatan.

Hezkuntza Sailak adierazi duenez, “bi aldeen arteko desegite akordioa” izan da. Azpimarratu dute arazoak izan zirenean Hezkuntza Sailak espedientea ireki ziola enpresari, eta “eragina” ikusita, Serunionek “uko egin diela” ikastetxeetan lan egiteko kontratuei.

Aspalditik datorren kontua

Ikasturtean zehar enpresak arazoak sortu ditu hainbat ikastetxeetan. Iragan azaroan, esaterako, Hernani eta Duranako ikastoletan izandako “gorabeherak” salatu zituzten gurasoek. Kasu larriena Hernaniko Langile Ikastolan gertatu zen, haurretako batek janarian har bat aurkitu zuenean. Sindikatuek ere bat egin zuten protestekin, eta LABek, esaterako, aldarrikatu zituen “janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak”. Halaber, Hernaniko Langile ikastolako gurasoek protesta egin zuten Hernaniko Gudarien plazan, “janari duin eta osasungarria” aldarrikatzeko.

Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek adierazi zuen neurriak hartuko zituztela “berriro ez gertatzeko”. Hezkuntza Sailak 65.000 euroko isuna ezarri zion enpresari, eta orain, kontratua etetea erabaki dute.