Ikastetxeen fusioek eztabaida gogorra eragin dute Eusko Legebiltzarrean

  • Gezurretan aritzea leporatu diote elkarri Hezkuntza sailburuak eta oposizioak. Ikastetxeen fusioez, sare publiko eta itunpekoaz eta segregazioaz izandako ika-mikak datozen urteetako hezkuntza politika legebiltzarrean adostetik urrun irudikatu du Jaurlaritza.

Ikoitz Arrese (EH Bildu), Begoña Pedrosa (Hezkuntza sailburua) eta Jon Hernandez (Sumar).

2026ko otsailaren 11n - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ez da giro hezkuntza politikan. Bizkaiko hamabi ikastetxetan fusio edo integrazio prozesuak iragarri ostean, azken osoko bilkuran kargu hartu diote Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari.

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek azpimarratu du duela urtebete eskola-mapa modu kolaboratiboan berregokitzeko legez besteko bat adostu zutela legebiltzarrean. Pedrosak esan zuena ekarri du gogora: “Inongo momentutan ez dugu hezkuntza zentrorik itxiko”. Hezkuntza akordioa ere hitzez hitz aipatu du: “Hezkuntza Sailak eskola publikoaren perimetroa zabaltzea sustatuko du, eremu urbanoetan zentro publikoak sortuz eta plaza publikoak zabalduz”. Baina horren ordez, Hezkuntza Saila justu adostutakoaren kontrakoa egiten ari dela kritikatu du Arresek: “Eskolak itxi, ikastetxeak fusionatu eta gatazkarik ez zegoen lekuetan gatazkak sortu”.

Ezkutuan eta aldebakarrez jardutea egotzi diote Pedrosari, aintzat hartu gabe ez gainerako talde parlamentarioak, ez hezkuntza komunitatea, ez sindikatuak. Informazioa ezkutatzea eta fusioen berri hedabideetatik izatea salatu dute bai Arresek, bai Sumar alderdiko Jon Hernandezek. Gezurra esatea ere leporatu dio Arresek Pedrosari, eta gaineratu du EH Bilduk badakiela Hezkuntza Sailak dokumentu bat darabilela, datozen urteetako eskola mapari begira, baina eskatu dutenean ukatu egin zaiela existitzen denik. EH Bilduk “etengabe” egin ditu eskola mapa berritzeko proposamenak, azpimarratu nahi izan du, legebiltzarrean nahiz Segregazioaren Kontrako Mahaian, “baina erantzunik ere ez dugu jaso”.

Antzeko ildoan, gardentasun nahikorik ez dagoela salatu du Hernandezek, aldebakarreko erabakia direla fusioak, “epeak errespetatu gabe, familiak presaz erabakitzera behartuz eta hezkuntza proiektuei eraginez”. Sekretismo horren adibidetzat jarri du hiru aste lehenago Sumarrek berak balizko fusio eta itxieren inguruan galdetu ziola sailburuari legebiltzarrean, “eta erantzun zenidan fusio hauek aipatu ere egin gabe; informazioa ezkutatu zenuen”.

Hernandez: "Fusio horiek ez dira jaiotze-tasaren ondorio saihestezina, baizik eta hezkuntza politika pribatizatzaileen ondorio"

Arduratik gobernatzeaz eta egun bizi dugun errealitateaz hitz egin du Begoña Pedrosak. Aurrekotan eman dituen argudioak errepikatuz, jaiotze tasaren beherakada, migrazioaren hazkundea eta errealitate sozioekonomiko konplikatuak aipatu ditu, ikastetxeak batzea argudiatzeko: zaurgarritasun tasa handia kontzentratuta duten ikastetxeetako ikasleei –sarri oso ikasle gutxi dituzten ikasgelei– beste ikastetxeetako aukera eta baldintza berdinak eman nahi bazaie, bidea integrazioa dela nabarmendu du.

Hezkuntza komunitatearekin ala haren bizkar?

“Sailburu anderea, nahiz eta ukatu egingo duzun, hezkuntza komunitate batzuek aldaketak ezagutu zituzten ohar orokorren bidez edo zuzenean hedabideen bidez, eta hala salatu dute. Informazioa sarri berandu iritsi da, modu zatikatuan eta erabakiak itxita zeudenean, benetako espazio parte-hartzaileak eta alternatibetarako aukerak eman gabe”, salatu du Hernandezek.

Adibideak eman ditu Arresek: “Portugaleteko ikastetxe bat bisitatzera joan eta atean familien protesta bat aurkitu dugu, eta bertako zuzendaria, bileran, lehertu egin zaigu eta kasik negarrez hasi da, lurraldeko hezkuntza ordezkariarengandik jasotako presioagatik. Deustun erabaki bat inposatu da eta existitzen ez zen nahaspila sortu da, hezkuntza komunitateak ezer jakin barik. Lurraldetako hezkuntza ordezkariek mehatxu egin diete zuzendaritzei, esanaz zuzendaritzak direla Hezkuntza Sailaren ordezkari, eta ezin direla kexatu”.

Arrese: "Lurraldetako hezkuntza ordezkariek mehatxu egin diete zuzendaritzei, esanaz zuzendaritzak direla Hezkuntza Sailaren ordezkari, eta ezin direla kexatu"

Pedrosaren hitzetan, ordea, ikastetxeetako zuzendaritzak eurak izan dira erabakiak hartu dituztenak. “Arrese jauna, ez dizut onartuko gezurretan ari naizela esaterik. Minutu bakarrean hiru fake new entzun ditut. Ikastetxe hauetan, zuzendariek lideratu dituzte prozesuak, beraiek markatu dute erritmoa, komunitatearekin hitz eginda, klaustroekin egonda, eta egoki ikusi dutenean, familiekin bildu dira”. Zarata egin nahi izatea eta ziurgabetasuna zabaltzea egotzi dio EH Bilduri Hezkuntza sailburuak: “Zeinek egiten ditu deiak ikastetxeetara? Zuzendariek zuei ala zuek zuzendariei? Deustuko ikastola aipatu duzu. Paradoxikoa da gero, zuen filosofian komunitarioaren aldeko halako diskurtsoa izatea eta aldi berean auzo bereko ikastetxeak integratzearen kontra agertzea, zer eta proiektu komunitario bat sustatzeko eta euskarazko hartu-emana indartzeko”. Printzipioei uko egiteko prest egotea leporatu dio EH Bilduri, “enfrentamendurako estrategia” lehenestearren.

Sare publikoaren kalterako ala mesederako?

Fusioak eskola publikoaren kalterako direla seinalatu du Sumarreko legebiltzarkideak, ikastetxe publikoak ixten ari direla, “itunpekoak mantentzen diren bitartean, gero eta baliabide publiko gehiagorekin”. Honela mintzatu da Hernandez: “Guk ez ditugu demografiari eta segregazioari lotutako datuak ukatzen, leporatzen dizuguna da datu horiek erabiltzea argudio gisa eskola publikoa murrizteko eta ahultzeko. Fusio horiek ez dira jaiotze-tasaren ondorio saihestezina, baizik eta hezkuntza politika pribatizatzaileen ondorio”.

Sailburuak erantzun dio integrazio prozesuek ez dutela ikastetxeak ixtea bilatzen, “berraktibatzea baizik”, ez dutela murriztea bilatzen, “indartzea baizik”: “Ez dute bilatzen eskola publikoa txikitzea, kalitatezko eskola publikoa baizik”. Eta Jaurlaritzak eskola publikoarekin “duen apustua objektiboa eta kontrastagarria” dela gaineratu du, “baina funts publikoak jasotzen dituzten itunpeko ikastetxeek ikasleak kalitatez artatu ditzaten ere konprometituta gaude, gure betebeharra delako”.

Pedrosa: "Uste duzu zerbaitetan laguntzen duela Euskadin ditugun bi sareak etengabe elkarren aurka jartzeak, horietako bat estigmatizatu eta suntsitu nahi izateak?"

Gordin erantzun dio Sumarri Pedrosak: “Uste duzu zerbaitetan laguntzen duela Euskadin ditugun bi sareak etengabe elkarren aurka jartzeak, horietako bat estigmatizatu eta suntsitu nahi izateak? Horrek soilik laguntzen du familien artean ziurgabetasuna eta urduritasuna zabaltzen eta tentsioa sortzen bi sareetako irakasleen artean. Arduraz jokatzea ez da eszenatoki ‘ideal’ bat planteatzea, Euskadiren hezkuntza eskaintzaren errealitateari erantzuten ez diona. Demagogia hutsa da; gurean, ikasleriaren erdia itunpeko ikastetxeetan dago matrikulatuta”.

Segregazioa gainditzen ala betikotzen du?

Segregazioaren Kontrako Mahaiaren dinamika kritikatu dute bai EH Bilduk, bai Sumarrek. Fusioei lotuta, behin baino gehiagotan entzun diogu Pedrosari ikasleen segregazioari aurre egiteko modua ere badirela bateratze hauek, “baina guraso elkarteengandik eta ikastetxeetako langileengandik jasotako testigantzek bestelako eszenatoki bat utzi digute”, adierazi du Hernandezek. Gehitu du sailburuak oraindik ez duela azaldu hezkuntza baliabideei loturiko zein neurri hartuko diren zaurgarritasun tasa handiei aurre egiteko, “zeren besterik gabe ikastetxeak elkartzeak ez dio aurre egiten ikasleen zaurgarritasun horri”.

Pedrosak adierazi du segregazioari ez zaiola neurri bakarrarekin aurre egiten, neurri asko jarri behar direla martxan, horretan ari direla, eta ikastetxeak fusionatzea neurri bat gehiago dela, aukera berdintasuna, kohesioa eta ekitatea dakartzalako. “Hurbileko bi ikastetxeren artean desoreka oso nabarmenak eta iraunkorrak daudenean, integrazioek lagundu egiten dute hezkuntza proiektua partekatzen eta benetako inklusioa bermatzen”.

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Gurasoen federazioa ere atera da segregazioaren kontrako mahaitik
"Ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela dirudi"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.