Jaiotze-tasaren jaitsierari eta ikasgeletako aniztasunari sendoago erantzuteko soluzioa? Hiltzen utzitako eskolak partxeatzeko eta egiturazko arazoei ihes egiteko formula? Ñabardura ugari dituen gaiari heldu diogu, iragarritako azken fusioak abiapuntu.
“Eskola-mapa birpentsatzera behartzen” du egoerak, adierazi du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Birpentsatze horretan, ikastetxeen fusioa indarrez sartu da: bakarrik Bizkaian 12 ikastetxeren fusioa iragarri berri du; zehazki, kasu gehienetan integrazioa edo xurgatzea da, ikastetxeetako batek bestea xurgatuko duelako. “Efikazia” eta “ekitatea” bezalako hitzak erabili ditu sailburuak: ikasle oso gutxiko eta zaurgarritasun eta konplexutasun maila handiko ikastetxea baldin baduzu, hobe beste batekin bateratzea, hezkuntza proiektu sendoagoa lortzeko.
Bestelako irakurketa egin dio ARGIAri Haizea Arbide Aza STEILAS sindikatuko bozeramaileak: “Egoera honetara iristea utzikeriaren adierazle da, hamarkadak daramatzatelako xurgatuko dituzten ikastetxe horietako batzuetan beharrezko inbertsioak egin barik, eta horretara bultzatu dituzte, baina bideak ezin du hori izan, dagoena indartzeko apustu garbia egin behar da etorkizunean, ikastetxeak indartzeko apustua, puntu horretara iritsi ez daitezen”. Gainera, Arbide Azaren hitzetan ikuspuntuak “ezin du izan ea ikastetxe bat errentagarria den ala ez, planteamendu arriskutsua da hori, merkatuaz ariko bagina bezala planteatzen dutelako, baina erabakiak ez luke eskaintzaren eta eskaeraren menpe egon behar”.
ELA sindikatuak ere uste du fusioak ez, beste bat dela jarraitu beharreko bidea, eta ikasle kopuruaren jaitsiera “paregabeko aukera” dela baliabideak gehitu eta ratioak txikituta segregazioari erantzun eta hezkuntza kalitatea hobetzeko. Sare publikoa indartzeko modua hori dela iritzi dio ELAk.
"Egoera honetara iristea utzikeriaren adierazle da, hamarkadak daramatzatelako ikastetxe horietako batzuetan beharrezko inbertsioak egin barik"
Publikoa eta itunpekoa
STEILASetik ere adierazi dute eskola publikoaren kalterako direla erabaki hauek eta sare publikoaren ahultzea dakartela. Fusio erritmo honekin jarraituz gero, kezkaz begiratu diote etorkizunari. “Fusioek dakartena da ikastetxe publikoak ixtea eta sare publikoa murriztea. Gasteizen Padre Orbiso eta Umandiren fusioak ekarri duen ikastetxe bateratuan dagoeneko lau lanpostu desagertu direla badakigu, nahiz eta Hezkuntza sailburuak esaten duen lanpostuak mantenduko direla. Eta adibidez, fusio hori egin arren, gertu dagoen San Prudencio itunpeko ikastetxeari ikas-postuak ituntzen jarraitu dute, eskola publikoaren kaltetan”.
Iragarritako integrazio prozesuek sare publikoa ahuldu ez, sendotu egiten dutela iritzi dio Begoña Pedrosak, ikasle oso gutxiko eta konplexutasun maila handiko ikastetxeak mantentzeak zentzu handirik ez duela-eta. “Benetan eskola publiko sendo bati buruz ari garenean, zertaz ari gara? Hor uzten dut hausnarketarako”, esan du sailburuak. “Batetik, ez daude umeak, jaiotze-tasa beherantz ari da. Eta bestetik, banaketa artifizial bat egiten ari gara, gurasoen erabakia tarteko, eta beharrezkoa da komunitatea elkartzea hausnarketa batean. Hori ez da eskola gutxiago izatea, hori da kalitatezko proiektuen aldeko bidea egitea –adierazi zuen sailburuak iaz ARGIAn egindako elkarrizketan–. Itunpeko ikastetxeetan ere etorriko dira horrelakoak, beraiek beraien hausnarketak egingo dituzte. Hemendik urte batzuetara, ikastetxe batzuek itxi egingo dituzte ateak, batzuk ixten ari dira dagoeneko”.
Banaketa artifizialaz ari delarik, ikasleen segregazioaz ari da Pedrosa, ikastetxe batzuk ghetto bihurtzeraino. Hain juxtu, egoera horretan dauden eskolak beste ikastetxe batzuekin elkartzeak segregazioari aurre egiteko balio duela azpimarratu du. Aldiz, Arbideren ustez bai segregazioa bai ikasleen arteko desorekak betikotu egiten dituzte halako erabakiek, egoera ez da konpontzen “eta batzuetan areagotu ere egiten dute”. Segregazioari aurre egiteko “benetako neurriak” hartzea da bidea, bere esanetan. Duela hamarkada bat fusionatua izan zen Eibarko ikastetxeko guraso batek hala zioen: “Aniztasunari modu inklusiboan erantzutea ez da soilik eskola desberdinetako ikasleak ikastetxe berean batzea. Zein baliabide gehigarri jarriko da aniztasun horri erantzuteko?”.
"Banaketa artifizial bat egiten ari gara eta beharrezkoa da komunitatea elkartzea hausnarketa batean. Hori ez da eskola gutxiago izatea"
Ikastetxeek zer diote?
2026-2027 ikasturtean sei integrazio prozesu abiatuko dituztela iragarri zuen joan den astean Pedrosak: Bilbon, Ingeniero Orbegozo eta Gabriel Aresti ikastetxeen, Tomás Camacho eta Maestra Isabel Gallego Gorriaren, eta Deusto eta Deustuko ikastolaren artean; Basaurin, Soloarte eta Jose Etxegarairen artean; Getxon, Larrañazubi eta San Ignacioren artean; eta Leioan, Lamiako eta Artaza Piñuetaren artean.
Hezkuntza Sailak “ezkutuan”, “isilpean” eta “informazioa partekatu gabe” jardun duela salatu dute sindikatuek. “Fusio bat abiatu aurretik, dekretua atera behar dute eta Eskola Kontseiluak onartu behar du –azaldu du Arbide Azak–, baina alderantziz egin dute: hori guztia bideratu aurretik publiko egin dute, guri ezer esan gabe eta negoziatu gabe; oso kezkagarria da jarduteko modu hau”.
Sailburuaren hitzetan, “integrazio bat zer den eta nola egiten den sozializatu da, eta ikastetxeak eurak etorri dira azalpenak ematera, zergatik egin duten eta nola bizi duten kontatzera, zergatik pentsatzen duten tokatzen dela prozesu hau egitea”. Integrazio prozesu horietako batean parte hartzen duen Tomas Camacho ikastetxeko zuzendari Angela Ortiz izan da Begoña Pedrosaren alboan, beraien esperientzia kontatzeko. Eskolan duten egoera kontuan izanik (ikasle oso gutxi, zaurgarritasun indize altua, ikasleen ezaugarri eta behar anitzak…), hartutako erabakia defendatu du eta prozesua ahalik eta egokiena izateko lanean ari direla azaldu du. Kazetariek galdetu diote ea nola hartu duten erabakia familiek: “Egia da pena handiz hartu dutela, eskola txikia eta familiarra da; baina hartzen diren erabakiek zergati bat dute atzean eta hori guztia lantzen ari gara familiekin, aldaketek beti ematen dute beldurra”.
Ikastetxearen arabera, ordea, iritziak denetarikoak direla kontatu digu Haizea Arbide Azak, eta badirela kasuak non ez den izan guztien artean pentsatzeko prozesu bat, baizik eta batez ere informatiboa, erabakia aurrez hartuta joan dela Hezkuntza Saila ikastetxera.
"Aniztasunari modu inklusiboan erantzutea ez da soilik eskola desberdinetako ikasleak ikastetxe berean batzea"
Edonola, aurretik izandako fusio esperientzietara begira jartzen bagara, esperientzia baikorrez gain kritikoak ere aurkituko ditugu. Finean, sarri ez da erraza bi hezkuntza komunitate –bakoitzak bere filosofia, ikusmolde, proiektu eta pedagogia propioa tarteko– eredu bakar bilakatzea, eta prozesu gatazkatsu eta mingarriak izan dira maiz, adosteko zailak. Horiek eta beste hainbat gako bildu genituen erreportaje batean, ARGIAn: Nola batu bi hezkuntza komunitate... albo-kalte gutxien eraginez

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.