“Ikastetxearen eta selektibitatearen noten arteko desoreka behin eta berriz errepikatzen denean, ikuskaritzak esku hartu beharko luke”

  • Hainbat ikastetxek Batxilergoko notak puzten ote dituzten argitzeko, itunpeko zentroetako kalifikazioak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gaiaz jardun izan duen Tere Maldonado irakaslea elkarrizketatu du ARGIAk: "Presio itzelak jasaten ditugu notak igotzeko eta ikasle ahalik eta gehien aurrera ateratzeko".

Tere Maldonado, iaz argitaratu zuen “Pedagogismoaren gezurtapen bat” liburua eskuetan duela.

2026ko uztailaren 8an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Duela pare bat aste Nafarroako Parlamentuan egin zuten moduan, oraingoan Eusko Legebiltzarrera iritsi da eskaera, Sumar alderdiko Jon Hernándezen eskutik. Hezkuntza sare publiko eta itunpekoan jartzen diren Batxilergoko notak alderagarriak al diren eta “ikaslearen benetako mailari erantzuten al dioten” jakiteko, datuak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari. Tere Maldonadok hainbat pista eman dizkigu gaiaren inguruan.

Ikastetxe batzuek notak puzten dituzte Batxilergoan?

Ageriko sekretua dela eta mundu guztia jakitun dela dirudi. Kuotak kobratzearen gaia dakarkit gogora: denek zekiten eta inork ez zuen ezer egiten. Berriki irakurri dut ISEI-IVEIko zuzendari ohi Franciso Luna esaten hainbat ikerketak erakusten dutela ikastetxe pribatuetan notak puzten dituztela. Eskola publikoko irakasleon arteko solasaldietan askotan atera da gaia eta kezka iturri ere bada, guk geuk zer egin behar dugun ikasleari nota jartzeko garaian, justuak eta zehatzak izateko, jakinda alboko ikastetxe itunpekoan nota altuagoekin aterako direla eta nota horiek eragina izango dutela egin nahi dituzten goi-mailako ikasketak egin ahal izateko.

"Ikusita nago gurasoak ikastetxean agertzea, onartzea seme-alabak ez duela ezer egin, eta halere exijitzea ikasturtea edo ikasgaia gainditu dezala"

Baina ikastetxe horietan notak puzten dituzte ala curriculuma eta ebaluazio irizpideak malgutzen dituzte?

Faktore asko batzen dira, baina funtsean hezkuntza sistemaren merkantilizazioak ikasleak eta haien familiak bezero bilakatu ditu. Horren lekuko da nola datozen ikasle eta gurasoak zalantzan jartzen irakasleak ipinitako nota, edo zalantzan jarri ez baina eskatzen adibidez ikasleak promozionatu ahal izatea. Eta zilegi da nota baten aurrean erreklamazioa egitea, azterketa berrikusteko eta ongi kalifikatu den ziurtatzeko, baina ikusi behar da zein helbururekin eta zertarako erabiltzen den gaur egun erreklamatzeko aukera hori. Ni neu ikusita nago gurasoak ikastetxean agertzea, onartzea seme-alabak ez duela ezer egin, ez duela gutxienekoa ikasi, eta halere exijitzea ikasturtea edo ikasgaia gainditu dezala. Askoz kontrolatuago egon beharko luke horrek guztiak eta esango nuke hezkuntza publikoan gutxieneko kontrola badagoela, baina zalantzan jartzen dut itunpeko eta pribatuetan hala denik.

"Gerta daiteke selektibitate moduko azterketa batean egun txar bat izatea, baina patroi bat errepikatzen denean, horrek izen argia du, iruzurra, eta ezin da onartu"

Hainbaten iritziz, arazoa ez da curriculuma eta ebaluazioa malgutzea, ikastetxe publiko batzuk zorrotzegiak direla baizik.

Itunpeko nahiz publikoetan presio itzelak jasaten ditugu notak igotzeko eta ikasle ahalik eta gehien aurrera ateratzeko. Ikastetxe batek hezkuntza-titulu asko ematen baditu, badirudi produktibitate ona duela, baina akats handia da, horrek atzetik ekartzen duelako titulazioen eta noten inflazioa, eta gaur egungo 10 kalifikazioak ez du garai bateko 10 kalifikazioaren balio bera, arinago ipintzen direlako, berdin beste noten kasuan. Dena den, presioak leku guztietan jasan arren, arlo publikoan egoera hobean gaude presio horiei aurre egiteko. Hezkuntza Sailari eta ikuskaritzari eskatu behar zaie beren lana egin dezatela, arazo handia baita.

Zer da zehazki Hezkuntza Sailak egin beharko lukeena?

Mekanismo zehatzak jarri beharko lituzke martxan, bermatzeko ebaluazio prozesua ongi egiten dela eta ebaluazio horretatik ateratzen den notak ikas-prozesua islatzen duela. Ikasle mugimenduek selektibitatea kritikatzea ohikoa da, baina ni selektibitatearen defendatzaile amorratua naiz, ikusten dudalako proba hau dela bakarra zeinetan ikasle guztiak prozesu beretik pasatzen diren eta ebaluatuak diren irizpide komunen arabera. Eta askotan ikusten da sekulako aldea dagoela ikastetxeak emandako notaren eta selektibitateko notaren artean. Eta bai, gerta daiteke selektibitate moduko azterketa batean egun txar bat izatea, baina patroi bat errepikatzen denean, ikastetxearen eta selektibitatearen noten arteko desoreka behin eta berriz errepikatzen denean, ikuskaritzak esku hartu beharko luke. Jakin badakit askotan errepikatzen dela ikastetxe batzuetatik ikasleak oso nota altuekin ateratzea, eta gero selektibitatean emaitza txarrak izatea. Horrek izen argia du, iruzurra, eta ezin da onartu. Euskarako azterketaren kontuak ez du soilik hizkuntzaren afera azaleratu –bat nator Euskalgintzaren Kontseiluak egin duen irakurketarekin–, hau guztia ere azaleratu du.


Irakurri gehiago: Hezkuntza Gizartea Selektibitatea
Utzi erantzuna

2 iruzkin

IM
2026-07-08 // 14:55
Ez nago oso ados arkuloarekin. Aurre-iritziak daude, nire ustez. Abia puntua ez da zuzena. Zergatik usten dugu Ikasle guztiek ahalik eta nota altuena lortzen saiatzen direla? Gero eta ikasle kopuru handiagoa ez dira unibertsitate publikora joango. Hauetako gehiengoak USaP gainditu behar dute baino ez dute nota on baten beharrik. Ikasle hauek badakite ze unibertsitatera joango dira. Gero eta gehiago izaten ari dira unibertsitate pribatura joango diren ikasle kopurua eta gehienak itunpeko eskolakoak dira. Dagnostiko okerra izango dugu testuingurua ez badugu ondo kontuan hartzen. USaPek bakarrik erakusten digute unibertsitate publikora joango diren ikasleen mahaia. Beste kasuetan auskalo!
KG
2026-07-08 // 23:58
Egia da familia eta ikastetxeen arteko harremana aldatu dela. Hein batean autoreak dioen merkantilizazio prozesua dela eta. Eta bestalde norbanakoaren eskubideak gailendu direlako gure gizartean, eta dena ezbaian jartzeko eskubidea hor dago, baita irakaslearen nota ere.
Ikastetxe ezberdinen ebaluazio sistemen jarraipena egitea ez legoke gaizki, notak puztu egiten diren jakiteko. Hori ez da lan makala, baina apika ezinbestekoa ikasle guztien eskubideak bermatzeko.
Hori bai, itunpeko guztietan egiten dela aditzera ematea, gehiegikeria iruditzen zait.
Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...