Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2025ean egindako ebaluazio diagnostikoen emaitzen berri eman du Begoña Pedrosa sailburuak. Matematiketan, euskaran eta gaztelanian hobetu egin direla azaldu du eta hezkuntza-sistema "ekitatean aurrera" doala azpimarratu du.
Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako 44.000 ikaslek hartu dute parte 2025ean Eusko Jaurlaritzak egindako Ebaluazio Diagnostikoan, euren jakintza mailaren bilakaera aztertzen duena. 836 zentrotan egin dute froga eta emaitzen berri eman du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak.
Lehen Hezkuntzan, gaztelanian eta matematiketan hobekuntza nabaritu dute, euskaran aldiz, aurreko edizioko mailan daude ikasleak, frogaren arabera. DBHko ikasleen artean hobekuntza nabarmenagoa izan da alor horietan, batez ere euskaran, 10,2 puntu gehiagorekin: "Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik daude funtsezko adierazleak", azaldu du sailburuak.
Hezkuntza-sistemari dagokionez, beherakada demografikoaren ondorioz ikasle gutxiago dagoen testuinguru batean gaudela azpimarratu du Hezkuntza Sailak, eta, aldiz "aniztasun handiagokoa" dela ikasleria: "Errealitate hori emaitzen azterketan kontutan izan behar da, eta laguntza-politika iraunkorren beharra indartzen du", azaldu du. Egoera horrek "erronka" suposatzen du bere ustez, baina "ekitatean aurrera" goazela ziurtatu du Pedrosak.
Legebiltzarrean berak eskatuta asteazkenean egindako agerraldian, sailburuak beste hainbat datu ere eman ditu. Hala nola eskola uzten dutenen ehunekoa %5etik %3,6ra jaitsi dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, "Europako tasarik baxuenetakoa", eta EAEko BPGren %5,4 bideratu zela hezkuntzara 2022 urtean.