Ikasleek euskarazko B2 maila dutela egiaztatzeko legeak agintzen duen ebaluazioa ez du martxan jarri Jaurlaritzak

  • Selektibitateko polemikaren harira, jakin beharra dago duela hiru urte EAEko Hezkuntza Legeak ezarri zuenean ikasleek euskarazko B2 maila lortu behar zutela DBH bukatzean, horrekin batera ezarri zuela B2 lortzen zela egiaztatzeko hainbat ebaluazio-tresna jarriko zituela martxan Hezkuntza Sailak, maila hori eskuratzen ez zuten ikastetxeetan neurriak hartzeko. Ez da halakorik egin.

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko uztailaren 6an - 00:02
Azken eguneraketa: 06:46
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Aurtengo selektibitateak agerian utzi du ikasle asko urruti dagoela DBH bukatzean lortu beharreko euskarazko B2 mailatik –berez, Batxilerra bukatzean B2 maila baino gehiago izan beharko lukete–. Hori esan dio Euskadi Irratiko kazetariak Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari, baina sailburuak ez du egoki ikusi adierazpena, uste baitu selektibitatea “proba isolatua” dela, “helburu jakin bat” daukala eta “kontuz aritu” behar dela, “zeren horrelako adierazpenak egiterakoan ez dugu auzitan jartzen soilik gobernuaren lana, gure profesionalen lana ere jartzen dugu auzitan”. Pedrosarentzat, unibertsitatera sartzeko probak ez du zertan B2 mailaren ziurtagiri izan, baina kontua da legeak bai eskatzen duela ebaluazio bat ikasleek B2 maila lortu al duten egiaztatzeko. Goazen pausoz pauso.

2023an onarturiko Hezkuntza Legeak sortu zituen eztabaiden artean, nagusietako bat euskalduntze eredua izan zen: batetik, PSEk eskatuta A, B eta D ereduak mantentzea erabaki zutelako PSEk eta EAJk, eta bestetik, ikastetxe guztientzat harturiko oinarriak, “euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” delakoak, ez zituelako euskalgintzako eragileak konbentzitu –ikastetxe bakoitzak bere proiektu linguistiko propioa egin behar du, ikastetxearen testuinguru soziolinguistikoa abiapuntu hartuta–. Kontuak kontu, helburua bai finkatu zen: ikasle guztiek B2 maila lortu behar dute DBH bukatzean (bai euskaraz, bai gaztelaniaz). Eta neurri zehatzagoen faltan helburu horrek eztabaida eta mesfidantza ugari ekarri zituenez, legeak jasotzen duen 67. artikulua heldu zen: Hezkuntza Sailak ebaluazio-tresna jakin batzuk arautuko ditu, irakasleek eurek ikasleen emaitzak baloratzeko eta B2 maila eskuratzen dela bermatzeko.

Ebaluazio diagnostiko moduko bat, eta helburua litzateke ikastetxean dagoen maila ikustea, B2 bermatzen ez duten ikastetxeei bitarteko zehatzak jartzeko eta ikastetxe horietan neurriak hartzeko

Zehazki zer zen alderdi politikoek Jokin Bildarratz orduko Hezkuntza sailburuarekin hitz egin zutena? Bada, DBH bukatzen zuten ikasleei ebaluazio jakin bat egingo zitzaiela ikastetxeka, ebaluazio diagnostiko moduko bat, ikasleen euskara maila neurtzeko, eta ebaluazio horrek helburu izango zuela ikastetxean zegoen maila ikustea –ez ikasleei kontuak eskatzea–, B2 bermatzen ez zuten ikastetxeei bitarteko zehatzak jartzeko eta ikastetxe horietan neurriak hartzeko.

Hain justu, horren guztiaren inguruan galdetu dio Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak Begoña Pedrosa sailburuari. Zertan da 67. artikulua? Non daude martxan jarri behar ziren ebaluazio-tresnak? “Nola egiaztatzen du Hezkuntza Sailak ikastetxe guztietan helburuak bete direla”? Erantzunaren zain geratuko gara.


Utzi erantzuna

2 iruzkin

Agurtzane Amieva
2026-07-06 // 07:31
Euskara maila ez da bermatzen, ezta D ereduetan ere; eta are kezkagarriagoa da irakurmen‑idazmen maila ere ez barneratzea, gero eta ikasle gehiago ateratzen direlako DBHtik analfabeto funtzional gisa, bai euskaraz bai gazteleraz. Euskara ikastea oso zaila egiten zaie, eta, horregatik, ikasle horiei gazteleraz ondo ikasteko aukera benetan bermatu behar diegu lanbidea izateko aukerak ez urratzeko.
Amaia
2026-07-08 // 10:18
Kaixo ;),
Proposamena:
Zer eskatzen du herriak?
67. artikuluan sakontzeko notizia
Mila esker, Argia!
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...