Orain arte 36 bat ikasleren salaketak aintzat hartu dituzte bost bat auzitegik, eta USaPeko Euskara ikasgaiko ikasle horien emaitzak aintzat ez hartzea agindu dute kautelaz epaileek. Orain, beste talde batek EAEko USaPeko zuzenketa osoa eraman du auzitara.
Beste ikasle talde horrek Utrilla Servicios Juridicos abokatu bulegoaren zerbitzuak erabili ditu eta El Correo-k dioenez, bost familia dira salaketak aurkeztu dituztenak, antza guztiak Bilboko Eskolapioen ikastetxe kontzertatukoak. Maite Utrilla bulegoko sortzailearen aburuz, epaileen ustez bada susmo txarrik Euskarako azterketak zuzendu diren moduarekin; eta, gainera, zuzenketaren emaitzak ez badatoz bat USaPeko Koordinazio Batzordeak finkatutako irizpideekin, berdin pentsatu liteke beste ikasgai batzuen zuzenketaren inguruan ere, azken finean zuzenketa sistema bera baita ikasgai guztietan.
Horregatik, eta “ikasleak behin-behinean babesteko”, familiek eskatu dute USaPeko proba osoa ez dadila kontuan hartu eta unibertsitate publikora sartzeko, bakarrik har dadila kontuan Batxilergoko emaitza. Batxilergoko emaitzak %60 balio du eta %40 USaPeko probak. Ikasle horiek Bilboko Sarrikoko 12. epaimahaian egin zuten azterketa eta Utrillaren ustez ez da behar bezala zaindu haien anonimotasuna, azterketako zaintzaileek “ondo baino hobeto baitakite zuzendu behar dituzten ikasleen hizkuntza-profila” zein den; eta horrek, bere ustez, zalantzan jartzen du zuzenketa gardentasunez egitea.
Utrillaren esanetan, halaber, 12. epaimahaian abizenen araberako “alborapena” izan da Euskarako zuzenketan, eta abizenen arabera oso nota desberdinak izan dira; dioenez, hori beste ikasgai batzuetan ere gertatu da eta horregatik “sistema osoa” inpugnatu behar da. Ikasleek dagoeneko eginak dituzte euren aurrematrikulak, eta uztailaren 11n EHUk jakitera emango ditu onartuen zerrendak. Horregatik, Utrillak uste du epaileek onartuko balute beren eskaera, EHUk baduela denbora onartuen zerrendak Batxilergoko nota bakarrik kontuan hartuta erabaki ditzan.