Haien aurkako “kriminalizazio kanpaina” salatu dute EHUko Arabako campuseko ikasleek

  • 200 ikasle inguruk agerraldia egin dute Gasteizko letren fakultatean. Salatu dute EAJ eta eskuin muturreko komunikabideak ikasleen kontrako “kriminalizazio kanpaina” egiten ari direla. Bide berean kokatu dute EHUko 40 irakaslek idatzitako gutun “autoritarioa”.

Ikasleek agerraldia egin dute ikasle mugimenduaren kontrako “kriminalizazio kanpaina” salatzeko. Haraba!

2026ko martxoaren 10ean - 16:26
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteartean, 8:30etan, ikasle mugimenduak agerraldia egin du EHUko Arabako campuseko Letren Fakultatean, jasaten ari diren “kriminalizazio kanpaina” salatzeko. Komunikatua bi ikaslek irakurri dute eta 200 ikasletik gora batu dira atzealdean. Ikasleek adierazi dutenez, otsailaren 23an, Antonio Tejero guardia zibil eta militarrak gidatutako estatu kolpe saiakeraren urtemugan, VOXek egindako agerraldiari emandako erantzunetik abiatu da kriminalizazio kanpaina. Salatu dute komunikabide batzuek istiluak egon zirela argitaratu zutela, baino gazteek “ehunka ikasle arazorik gabe mobilizatu” zirela adierazi dute, “probokazio oro gaindituta”.

Agerraldian EAJri eta eskuin muturreko zenbait komunikabideri leporatu diete kriminalizazio kanpaina bultzatu izana. El Correo jarri dute adibide gisa, zeinak ikasleen esanetan, IASeko militanteak “eskuorriak banatu” izanagatik kriminalizatu dituen eta militanteak bizikletarekin “unibertsitate inguruak patruilatzen” ibili zirela asmatu zuen.  

Bestetik, EHUko 40 irakaslek idatzitako gutunari erantzun diote eta diskurtso “autoritarioa” eta “militantziaren aurkako gorrotoa” ezkutatzen dituela azpimarratu dute. “Adierazpen askatasunaren izenean”, unibertsitatean ideia “faxista” eta  “zapaltzaileak” zabaldu zituztela salatu dute, eta campusa "poliziaz betetzea justifikatu” zutela egotzi. Sinatzaileetako bati “haratago joan” izana leporatu diote, “unibertsitate antifaxista bat antidemokratikoa dela, unibertsitate antisionista bat antisemita dela, eta unibertsitate euskaltzalea baztertzailea dela” esateagatik. 

Hainbat eskakizun egin dituzte: ikasle mugimenduaren kontrako kriminalizazioarekin amaitzea; unibertsitatean “pentsamendu kritikoa eta eskubide politikoak” babestea “unibertsitate eredu autoritarioaren aurrean”; eta unibertsitateak eztabaidarako eta pentsamendu kritikorako gune askeak izatea. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Ikasle mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.