Ikasleek mobilizazioei eusten diete gobernuak eskainitako “apurren” aurrean

  • Oraindik 200 lizeo baino gehiagok blokeatuta segitzen dute, eta Frantziako Estatuko hiri handienetan mobilizazio handiak espero dira asteartean. Frantziako Gobernuak 3.000 irakasle postu berri irekitzea hitzeman du, baina horrek ez du ikasleen kexua apaldu. 


2026ko urriaren 13a - 15:10
Azken eguneraketa: 17:54
Etxepare Lizeoko blokeoa, Baionan. Euskal Irratiak
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Baionan bi manifestazio egin dira astearte goizean, lehena Angeluko Cantau lizeotik eta bigarrena Baionako Udaletxetik. Biak Saint Leon biribilgunean elkartu dira, eta 600 bat pertsonaz osaturiko manifestazioa egin dute Baionako karriketan. Arratsaldean lizeoen, unibertsitatearen eta sindikatuen mobilizazio bateratua egongo da, 17:30tan udaletxetik abiatuko dena.

Frantzian, Paris, Lyon, Marseilla eta beste hiri ugaritan mobilizazioak izan dira egun osoan. Berria hedabidearen arabera, Lyonen eta Nantesen Poliziak negar gasak erabili ditu dagoeneko protestaren kontra egiteko. Mugimenduaren hasieratik Poliziak bortizkeria handiz esku hartu du bai Ipar Euskal Herrian bai Frantzian. Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 200dik gora lizeo osorik edo partzialki itxita daude, 6.600 pertsona atxilotu ditu Poliziak –gehienak adin txikikoak–, eta ehunka dira zauritutakoak. Amnesty International erakundeak, adibidez, salatu du erantzun "neurrigabea" ematen ari dela Polizia, eta adingabeen kontrako bortizkeria "ilegala" darabilela.

Lizeoetatik eta hezkuntzatik harago hedatu den mugimendua

Ia hilabetea igaro da ikasteko baldintza duinak galdetzeko lizeoetako protestak hasi zirenetik Parisko aldirietan. Ordutik, mugimendua Frantziar Estatu osora hedatu da. Unibertsitateen %90a hetsirik dela adierazi du Frantziako ikasleen sindikatu nagusiak, eta sindikatuek ere bat egin dute lizeoetako ikasleek deitutako mobilizazioekin. Azkenik, urriaren 17an "jaka horien" mugimenduaren birsortzea iragarri dute Frantzian, eta Lizeoetako Batasun Sindikala bezalako egiturek bertara hurbiltzeko deia luzatu dute dagoeneko.

Hasierako eskakizunetatik haratago zabaldu den mugimendua da lizeotarrena. Salatu dituzte, esaterako, askotariko murrizketak hezkuntzan, kulturan eta arlo sozialean, inbertsio masiboak armagintzan, eta Poliziaren bortizkeriaren inpunitatea, besteak beste. Ipar Euskal Herriari dagokionez, beste salaketa batzuk ere egin dituzte ikasleek. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak hainbat puntu nabarmendu ditu: irakasle postuak urtero arriskuan direla edota baxoa frantsesez pasa behar dutela, besteak beste.

Gobernuaren erantzuna

Irakasle eskasia murriztu nahian, Eddouard Geffray Hezkuntza ministroak 3.000 postu berriren irekitzea hitzeman du. Baina urgentziazko neurri hau begi-txarrez ikusten dute ikasle mugimenduaren eta hainbat irakasleren bozeramaileek, eta "apur" horiek ez dutela funtsezko arazoa konponduko zehaztu dute. Hainbat eragilek salatu dute oinarrizko arazoa saihesteko neurri "hipokrita" dela.

Euskal Irratietan mintzatu den Lontzi Amado Bortayre ekonomia eta soziologiako irakasleak, adibidez, neurriaren zentzugabekeria nabarmendu du: igorriak izan diren irakasle horiek haiena ez den irakasgaia irakatsi beharko dute, haien etxetik biziki urrun den leku batean, batzuetan 300 kilometrotara. Irakaslearen esanetan "hautu politikoa" da hezkuntzan dagoen baliabide eskasa, eta gobernuak "ekonomiak egiteko" baliatzen duen arloa dela gehitu du. 
 


 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Ikasle mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.