Ikasle kopuruari eusten dio Seaskak, jaiotze-tasak behera egin duen arren

  • Irailaren 1ean abiatu dute ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikasleek. Seaskak nabarmendu du ikasle kopurua mantendu duela: Bigarren Hezkuntzan izan duten ikasle kopuruaren hazkundeari esker, beherakada demografikoak eraginda Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasle kopurua zertxobait apaldu izana orekatu da. “Ikastolaren proiektua familia gehiagori ezagutarazi eta haiengana hurbiltzea” dute erronka.

Seaska

2026ko irailaren 2an - 10:53
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

4.302 ikaslerekin hasi du ikasturtea Seaskak, aurreko ikasturtean baino 39 gehiago (11 gutxiago Haur eta Lehen Hezkuntzan, 49 gehiago kolegioak eta Etxepare lizeoa batuta). Testuinguru demografiko ezkorrean, ikasle kopuru orokorrari eutsi izana azpimarratu nahi izan dute ikastolek, eta erronka gisa jarri dute aurrerantzean ahalik eta familia gehienetara iristea, euskaldunak izan edo ez, etapa guztietan euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen sare bakarra delako, “euskararen etxeko transmisioa ahultzen ari den honetan”.

Azkainen (Lapurdi) ikastola berria estreinatu dutela eta ikasturtean zehar Beskoitzen (Lapurdi) eta Arberoan (Nafarroa Beherea) ere eraikin berria izango dutela adierazi dute. Hain justu, kolegioetako eta lizeoko ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuteko, espazio, langile eta baliabide gehiago bideratzea dute helburu. Ildo berean, lizeo orokorrean, sail teknologikoetan eta lanbide heziketan hezkuntza eskaintza zabaltzea eta dibertsifikatzea dute erronka, “gazte bakoitzak bere proiektua euskaraz eraiki ahal izan dezan”.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, inklusioa da euren “ardatz nagusietako bat” eta ikasle guztiei erantzuteko prestakuntza eta baliabide propioak indartzen segitzeko asmoa azaldu dute: “Estatuak Seaskako ikastolei eskaintzen ez dizkien baliabideei gure bitartekoekin erantzuten diegu”.

Digitalizazio arduratsua eta aniztasuna

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Seaskako ikasleen sartzea baliatu du ikasturteari hasiera emateko, eta jakinarazi du Euskal Herriko 115 ikastolen artean 53.760 ikasle bilduko dituztela aurten. Euskalduntzea oinarri nagusi dutela, arlo pedagogikoan bi eremutan jarriko dute arreta berezia: batetik, digitalizazio arduratsua eta burujabetza teknologikoa, eta bestetik, aniztasuna eta sarbide unibertsala. Ildo horretan, zera aurreratu dute: “Etorri berrien harrera-prozesuak sendotuko ditugu euskal dimentsioan murgiltzea errazteko, sarbide unibertsala bermatzeko tresnak garatzen jarraitzearekin batera”.

Protesta Bernat Etxeparen

Bestalde, Baionako Bernat Etxepare lizeoko langileek lanuztea egin dute, LAB sindikatuak deituta. Administrazio kontseiluak hitzarmen kolektiboa bertan behera utzi duela diote, negoziazio prozesurik egin gabe. Seaska osorako hitzarmena negoziatu asmoz, elkarrizketa eskatu die sindikatuak Ipar Euskal Herriko Ikastolei.


Irakurri gehiago: Seaska Gizartea Hezkuntza Ikastolak
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Seaska kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Eric Etxart (Seaskako lehendakaria)
"Azken urteetako Herri Urratsik jendetsuena izan da igandekoa"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...