Zuberoako Basabürüko eta Eperra ikastolak laguntzea eta lurraldeko tokiko ekoizpenak bultzatzea du helburu Ikaskoli kanpainak. 2003tik ari dira tokian tokiko ekoizle txikien ekoizpenez osaturiko eguberri-saskiak saltzen. Aurtengoak azaroaren 22ra arte eska daitezke.
"Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik", diote Ikaskoli kanpainaren sustatzaileek. "Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen".
Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaiela diote, eta horretara bideraturik daude salgai dituzten hiru saskiak (Pettarra, Arbaila eta Basabürüa), bakoitza produktu sorta propioarekin. Azaroaren 22ra arte eska daitezke, eta abenduaren 12an banatuko dira Euskal Herri osoko banaketa guneetan.
2003 urtean ekin zioten saskion salmentari, eta antolatzaileek jakinarazi dute iazko kanpainan 2.200 saski saldu zituztela. 140.000 euro biltzen dituzte ikastolek eta laborariek ekintza horren bidez; parterik handiena (%90) hegoaldean saltzen da, bereziki Gipuzkoan ta Bizkaian, Xiberoko Botzak jaso duenez.