argia.eus
INPRIMATU
Ikasgelako gurasoen artean adostuko bagenu zein adinetan erosi mugikorra seme-alabei?
  • Seme-alabei smartphonea goizegi erosi nahi ez dieten familietan, “presioa hain da handia, herri batzuetan benetako bazterketa arriskuak detektatzen hasi garela” mugikorra ez duen haurrarekiko. Lehen Hezkuntzako gurasoen artean, ikasgela edo maila bakoitzean familiak elkartzeko, gaiaz hitz egiteko eta oinarrizko akordioak lortzeko ekimena jarri dute martxan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 01a

Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailan, haur gehienak jada Whatsapp eta TikTok bidez komunikatzen dira edo beren adinerako gomendatuta ez dauden online jolasetan aritzen dira; “ondorioz, gomendatutako adinak jarraitzen dituztenak 'arraroak' dira’”, dio ekimenaren bultzatzaile Macsonrisasek.

Ikastetxeetan guraso taldeak sortu eta seme-alabei dagokienean smartphoneaz, sare sozialez, online jolasez eta telesail eta filmez hitz egiteko solasaldiak erraztea da Smartphoneak eta sareak 13 urtetik aurrera ekimenaren asmoa, adituek gomendaturiko adinak errespetatu nahi dituzten familiak ez daitezen bakarrik sentitu eta helburuak eta egiteko moduak partekatu ditzaten. “Guztien artean dena errazagoa da”, diote sustatzaileek.

Denentzat adin bera?

Kontuak kontu, adituek ñabardura inportantea egin ohi dute gai honetan: haur guztiak ez dira berdinak, adin bera izanda ere denek ez dute heldutasun, autonomia eta ardura maila bera, eta horiek elementu inportanteak dira, seme-alabei mugikorra eta interneterako sarbidea errazterako garaian. Etxe bakoitzaren egoera eta euskarriak zertarako erabiliko diren, horiek ere badira aintzat hartzekoak.

Debekutik harago, teknologian hezi

Behin haurrak teknologian murgilduta, eztabaida ez da seme-alabei mundu berri horretan askatasuna eman ala debekuak jartzea, teknologian heztea baizik. Egungo gizartean inguratuta gauzkan teknologia horri beldurrez begiratu ordez, mugikorra demonizatu ordez, hobe da tentuz jokatzea eta harekin batera erabiltzen eta nabigatzen erakustea, denbora batzuk zehaztea, teknologian arduraz jokatzen irakastea. Hala diote Xatakaren artikulu honetan.

Helduok egiten ez duguna ez eskatu haurrei

Oharra ere egiten dute aipaturiko artikuluan: euskarri digitalak diseinatuta daude menpekotasun handia sortzeko, eta inportantea da hori oso kontuan hartzea, seme-alabekin haien erabilera adosterakoan. Hori bai, ez eskatu seme-alabei norberak egiten ez duena, etengabe mugikorrari begira aritzen diren gurasoek nekez lortuko baitute seme-alabek barneratzea erabilera mugatzea dela onena.