Ikasgelak kalera atera dituzte Nafarroako ikastolek, Hezkuntza Sailaren erabaki “arbitrarioen” aurka

  • Nafarroan “ikastola bat duen herri bakoitzean” atera dituzte ikasgelak kalera, Hezkuntza Sailak arrazoi demografikoak argudiatuta zazpi ikasgela ixtea erabaki ostean. “Euskararen kontrako erasoa” dela salatu eta gainerako zentroekiko “berdintasuna” eskatu dute.

Ikasgelak kalera atera dituzte Nafarroako Ikastoletan Gimenoren erabakia salatzeko. Nafarroako Ikastolak

2026ko maiatzaren 7an - 11:38
Azken eguneraketa: 13:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako hemeretzi ikasgela itxiko ditu datorren ikasturtean. Hamalau itunpekoak dira, eta horietariko zazpi ikastolenak. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, “euskararen kontrako erasoa” salatze aldera, ikasgelak kalera atera ditu asteazkenean, Nafarroan “ikastola bat duen herri bakoitzean”. “Sakanatik Baztanera, Beratik eta Bortzirietatik Hegoaldera eta Erriberara, Zangozatik Iruñerrira, Lizarratik Tafallara”, sare osoa kalera atera da “seme-alaben etorkizunean eta Nafarroako hezkuntzan atzerapausorik onartzen ez” dutela esateko.

Ikastolen Elkarteak “haserre” daudela adierazi du, ondorengo arrazoiengatik: seme-alabentzako “etorkizunik onena” nahi dutelako, “ikastolan ikasteko eskubideak” bermatuta egon beharko lukeelako; “Nafarroa osoko” hezkuntzan murrizketekin “atzera” pausoak eman direlako; Nafarroarentzat “oso larria” den murrizketa egingo zaiolako euskarari; eta erabakia “arbitrarioki, elkarrizketarik gabe eta irizpideak bat-batean aldatuz” hartzeagatik.

Hezkuntza Sailarekin “hitz egiteko prest” dagoela azaldu du elkarteak, nahiz eta ikastolei zein beste eragile batzuei “elkarrizketa ukatu” zaien orain arte. “Joko arauak partiduaren erdian aldatu” dituztela salatu du. “Herritik sortuak” diren eta “herriarentzat lanean” diharduen “auzolanean sortutako komunitateari euskaraz josten” jarraitzeko aukera ukatu zaiola salatu du eta “ikastolen sareari ez ezik, euskarari eta hezkuntza sistema osoari eragiten” diola.

Hezkuntza Sailak adierazi du hiru irizpide tekniko jarraitu dituela erabakia hartzeko: ikastetxe publikoek batez beste duten ratio bera mantentzea –hamazazpi ikaslekoa Iruñerrian eta hamabostekoa gainerako eskualdeetan-, eskari urriaren aurrean diru publikoarekin ikasgelarik ez finantzatzea eta plazen “gaindimentsioa” ekiditea.

Hala ere, Ikastolek eta Nafarroako zenbait zentro kontzertatuk duela egun batzuk Nafarroako Justizia Auzitegi gorenean aurkeztutako errekurtsoan adierazi zuten, ikasturte hasieran sare publikoan Haur Hezkuntzan eta Lehen hezkuntzan ratioak 23ra jaitsi arren, kontzertatuetan 25etan mantendu zituztela. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparazen esanetan, “ratioen murrizketa kontzertatuen sarean emango balitz, ez zen ikastola bakar bat ere galduko”, Berria-k jaso duenez.

Horregatik “berdintasuna” eta erabaki “arbitrarioa” atzera botatzea eskatu diote Hezkuntza Sailari. Neurri ekonomizistak hartu beharrean ratio txikiagoekin esperimentatzeko proposamena luzatu dute, “Nafarroaren onerako”.

Hezkuntza kontseilariaren “kargugabetze” eskaera

Asteartean berretsi zuen erabakia Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordeko mahaian Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Horren harira, LABek kontseilariaren kargugabetzea eskatu du bere kudeaketa “negargarriaren” aurrean,. 2.000 sinadura jaso ditu, mobilizazioa deitu du maiatzaren 16an Iruñean eta lau orduko lanuztea egingo du maiatzaren 28an.

 Nafarroako Ikastolak

Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 24
4. eta 5. egunak | KRONIKA
Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.