Ikasgela beroegien kontrako Jaurlaritzaren plana hobetzeko bi gomendio

  • Ikastetxeak "errealitate klimatiko berrira egokitzeko" Eusko Jaurlaritzak iragarri duen plana egokia da, baina tenperatura igoerak saihesteko eta aireztatzea eraginkorragoa izateko neurri gakoa falta da. Hala azaldu dio ARGIAri Luis Del Portillo Ingeniaritza Energetikoko katedradunak.


2026ko abuztuaren 26an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Maiatzeko bero-boladen erdian, eskoletan beroari aurre egiteko dagoen “egiturazko arazoa” salatu zuen Bizkaiko Gurasoen Elkarteak, ARGIAn kontatu genuenez. Ondoren ere izan dira muturreko tenperaturak, egunetan iraun dutenak.

Orain, Jaurlaritzak Hezigiro Plana aurkeztu du: neurri orokorrak dakartza eta ez du zehazten ez zenbat ikastetxetan jardungo duten, ez epeak zein izango diren; bai dio hilabeteotan toldoak jarriko dituztela Bizkaiko lau ikastetxe publikotan. Gainerakoan, aireztatze-jarduerak egitea, itzal-espazioak sortzea, patioak birnaturalizatzea, birgaitze energetikoa, babesleku klimatikoak eta, beharrezkoa denean, klimatizazio-soluzio espezifikoak aurreikusten ditu.

Luis Del Portillo EHUko katedradunak ongi ikusi ditu neurriak, aintzat hartuta eraikuntzen klimatizazioan neurriak bi motatakoak direla: aktiboak (aire girotua, berokuntza sistemak edota bonbak… energia asko kontsumitu ohi dutenak) eta pasiboak (energia kontsumitu barik tenperatura kontrolpean mantentzea helburu dutenak). Jaurlaritzak neurri pasiboetan jarri du indarra, eta planteamendu ona iruditzen zaio Del Portillori: “Pasiboekin iristen ez garenean baino ez genuke neurri aktiboetara jo behar, bestela pentsa zer litzatekeen, adibidez, aire girotua jartzea EAEko ikasgela guztietan”.

"Oso zaila da ikasgela jada bero-bero dagoenean hoztea"

Hutsune bat nabaritu du, ordea, planean: tenperaturaren kontrola automatizatzea. Demagun duen kokapen, orientazio eta itzalari esker patio fresko bat dugula ikastetxean, bada, hori aire freskoaren biltegia izan daiteke eta aire fresko hori ikasgela beroetara eraman behar da hodien bidez, aldi berean ikasgelako beroa gelatik aterata. Aireztatzearen kontrol sistema automatiko batek, sentsoreak tarteko, ahalbidetuko luke eraikina hutsik dagoenean ere tenperatura orekatzea. “Eraikin administratibo askoren akatsa da: gauez edo asteburuetan berotze (neguan) edo hozte (udan) sistema guztiak itzaltzen dituzte, tenperatura asko jaisten edo asko igotzen da, eta gero horri buelta ematea sekulako xahutzea da, oso zaila da ikasgela jada bero-bero dagoenean hoztea”.

Bigarren proposamen bat ere egin du adituak: binilozko xaflak leihoetan jartzea (gero neguan kendu daitezkeenak). Ondorio horretara iritsi dira klima tropikaldun Dominikar Errepublikan egindako ikerketa batean. Bertako zortzi eraikinetan neurri pasiboak hartu zituzten, eragina neurtu zuten, ondoren kontrola gehituta ere eragina neurtu zuten, eta frogatu zuten kontrol sistema duten neurri pasiboak eraginkorrak direla beroari aurre egiteko eta langileak baldintza onetan ari zirela, berorik pasatu gabe. Energiaren (eta diruaren) xahutzeari begira ere, alternatiba ona ziren neurri horiek, ondorioztatu zutenez.

Nafarroan, bestalde, 0-3 eta Hezkuntza Berezia dira beroari aurre egiteko egokitze lanetan lehenak, ARGIAn kontatu genuenez.

Euskal Herrian, eraikuntza gehienak negurako daude prestatuta, baina bero bolada gogorrei eta muturreko beroari aurre egiteko ere prestatzen hasi beharko dugula konturatzen hasiak gara, katedradunak ohartarazi duenez.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...