Ikasbide Ikastolan 3. lerroa

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2024-2025 ikasturtean Ikasbide Ikastolako (Donostia) Eskola Kontseiluan jakinarazi ziguten Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzatik 3. solairu bat egiteko asmoa zegoela. Hasiera batean, DBH edo 3. lerro bat ezartzearen zalantza egon bazen ere, Hezkuntzak HH eta LHko C lerroa gehitzeko 3. solairu bat egiteko erabaki irmoa hartu zutela jakinarazi ziguten.

Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia inkoherentea dela deritzogu, batetik, jaiotze tasaren beherakadagatik, eta bestetik, 2023ko otsailaren 28ko 30/2023 Dekretuak esaten duelako ahal den heinean Ikastetxe Publiko Integratuak sustatuko direla (hau da, DBHrekin). Bestalde, informazio falta larriak, hala nola proiektuaren helburu zehatza, espero diren onurak, bestelako aukerak aztertu ez izana, obra bitartean ikasleen egoera zein izango den, eta abar, zalantza eta ezinegon nabarmenak sortu ditu Ikasbide Ikastolako gurasoon artean.

Horren aurrean, 2025eko uztailean Zuzendaritza taldeak eta Hezkuntzak izango zuten bilera batera Organo Goreneko eta Guraso Elkarteko bi guraso gonbidatzeko eskaera egin genion Hezkuntzari, eta eskaera ukatu egin ziguten.

2025eko irailean, Eskola Kontseiluko guraso batzuk batzorde bat osatu genuen gai honen aurrean informazioa eskuratzeko eta guraso guztien nahiak ezagutu eta Hezkuntzari helarazi eta elkarlanean aritzeko helburuarekin. Hori horrela, berriro bilera eskaera bat bidali genien Tramitagunetik.

Gurasoak ados gaude 3. solairu bat eraikitzearekin (DBH gehitzeko bada), HH eta LHko hirugarren lerroa ezartzearen aurka gaude, eta informazio gehiago nahi dugu

Bitartean, desinformazio honen erdian, Ikasbide Ikastolako guraso komunitatearen gaiari buruzko iritzi kolektiboa bildu genuen galdetegi baten bidez eta emaitzak eranskin gisa bidali genizkion Hezkuntzari urriaren hasieran, baina erantzunik ez genuen jaso. 247 gurasok erantzun genion galdetegiari, kopuru esanguratsua ikastetxearen tamaina kontuan izanik. Laburbilduz, gurasoak ados gaude 3. solairu bat eraikitzearekin (DBH gehitzeko bada), HH eta LHko hirugarren lerroa ezartzearen aurka gaude, eta informazio gehiago nahi dugu. Gainera, hemen biltzen dizkizuegu HH eta LHko hirugarren lerroa gehitu beharrean DBH ezartzeko ikusten ditugun arrazoi nagusiak:

  • Hirugarren lerroari ez diogu justifikazio demografikorik ikusten. Azken ikasturteetan, Ikasbide Ikastola sartzen den guneko plazak bete gabe geratu dira. Loiolako Erriberetako eta inguruko auzoetako bizilagunen adinaren bilakaeran oinarrituta, joera hori ez dela aldatuko pentsa liteke. Eraikiko den “Ciudad Jardin” auzo berrian ume txikien etorrera aurreikusi daitekeen arren, guneko oraingo plaza kopurua nahikoa izango dela espero liteke, Loiolako Erriberetan gertatzen den antzera, familia askok ikastolen aldeko aukeraketa egitea espero baitaiteke.
  • DBH ezartzeak ikasleei gertutasuna emango die, bai alor akademikoan eta baita lagunarte eta auzo giroan ere. Horrek, era berean, auzoari bestelako giro eta bizitza eman diezaioke.
  • Ikasbiden DBH ezartzeak Peñafloridako masifikazioa arintzen lagunduko luke eta, aldi berean, Ikasbideko DBHko ikasleek zentro eta talde txikiagoetan ikasteak eman ditzakeen onurak baliatuko lituzkete.

2026ko urtarrila eta otsailean birritan jarri gara telefonoz harremanetan Hezkuntzako Lurralde Ordezkariaren idazkariarekin, baita berak eskatuta korreo bat birbidali behar izan genuen gure eskaerarekin ere, baina erantzunik gabe jarraitzen dugu. Jarrera horren aurrean, Ikasbide Ikastolako Gurasoen kezka eta ezinegona areagotzen ari da eta bestelako neurriak hartzea erabaki dugu, horietako bat prentsarekin harremanetan jartzea izanik.

Ikasbide Ikastolako Guraso Elkartea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.