“Batzuetan ez gara jabetzen ze garrantzia duen lortu denak”

  • 1976ko greba mugimenduaren eta sarraskiaren 50. Urteurreneko azken ekitaldia emaitu ostean izan gara Lander Garcia Martxoak 3 elkarteko kidearekin.  Egunean zehar sentitu dutena eta aurrera begirako erronkak azaldu dizkigu: “50 urte eta gero begira nola gauden, milaka lagun estatuak kontatu nahi izan ez duena aldarrikatzen”.

Dos Por Dos

2026ko martxoaren 4an - 02:03
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urteurrena gogoratzeko ekitaldietan milaka lagun elkartu dira. Zein da egiten duzuen lehen balorazioa?

Balorazioa oso ona da. Guk beti esaten dugu Martxoaren 3a egunero dela, lanean egunero aritzen garelako, baina egia da eguna bera garrantzitsua dela, herritarren babesa jasotzen dugulako. Gaurkoa, ordea, ikaragarria izan da, gaindituta sentitu gara. Andre Maria Zuriaren plazara egin dugun ibilaldian jendea inguruan sentitu dugu, negarrez eta txaloka ikusi dugu.

Batzuetan ez gara jabetzen ze garrantzia duen lortu denak. Lehen momentutik Estatu estrategia oso bat izan zen estatu-krimena isilarazteko, ahaztura inposatzeko eta inpunitatea ezartzeko. Baina 50 urte eta gero begira nola gauden: milaka lagun Estatuak kontatu nahi ez duena aldarrikatzen. Hori ez da zerutik erori, hori izan da jende askok borroka asko egin duelako zailtasunen aurrean.

Aurten erakundeen presentzia handia izan da, zer iritzi duzue orain arte izan duten jokabideaz?

Urte askotan erakundeen ekarpen bakarra errepresioa izan da, estatuaren estrategia horrekin bat egitea eta kriminalizatzea. Eta gaur da eguna erakunde guztiek euren burua behartuta ikusten dutena zerbait egiteko. Gaur historian lehendabiziko aldiz lehendakari bat egon da monolitoan loreak jartzen.

Baina, era berean, oso berandu etorri dira, eta ez dira eroso sentitzen. Oso adierazgarria izan da lehendakaria orain ikustea klandestinoki jarritako monolito batean loreak uzten, baina oso adierazgarria izan da ere, Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak egin duten ekitaldian hitza ez ematea Martxoak 3 elkarteari.

Urteurrena pasa da. Eta hemendik aurrera zer geratzen da egiteko?

Kapital hau guztia kudeatu egin behar da. Gure aldarrikapen nagusia justizia eskatu eta inpunitatearen horma apurtzea da, eta oraindik borroka horretan jarraitu beharko dugu. Estatuak bere erantzukizun zuzena onartu gabe dauka gainera… Jarraituko dugu memoria eraikitzen. 50. urteurrenaren zurrunbiloa pasa eta gero horretan jarriko gara: elizan memoriala eraikitzeko erronkarekin, gure lehentasuna hori izango da.  Baina orain tokatzen zaiguna da urtemuga honetan, bereziki, memoria bizirik mantendu duten guztiei eskerrak ematea.


Justizia kanalean gehiago
2026ko martxoaren 25
Arantzazu Beitia - Roberto Villate. “Egia eta Justizia Kermanentzat”
"Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...